Hizkuntza aniztasuna ere aintzat hartzeko aldarria, giza garapenaren gaineko NBEren txostenaren aurkezpenean

Giza garapen indizearen hazkundea moteldu egin da mundu osoan, eta 2.200 milioi pertsona pobrezian edo pobreziaren mugan bizi dira gaur egun munduan. Horri irtenbidea emateko hainbat proposamen egiten ditu gaur Arrasaten aurkeztu duten Nazio Batuen txostenak.

Unescoren printzipioak, programak eta ekintza-ildoak euskal eremuan zabaltzea helburu duen Unesco Etxea Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan aurkeztu dute Arrasaten Nazio Batuen giza garapenari buruzko 2014ko txostenaren laburpena, laburpenaren euskarazko edizioa.

Txostenaren arabera, 2.200 milioi pertsona pobrezian edo pobreziaren mugan bizi dira, gaur egun, munduan. Hori eta beste hainbat datu kezkagarri jasotzen ditu txostenak; hala ere, badio baita ere 187 herrialdetako herritarren diru-sarreren eta osasun eta hezkuntza baldintzen arabera egiten den indizeak hazten jarraitzen duela mundu osoan, nahiz eta orain arte baino modu apalagoan.

Gaurko aurkezpenean nabarmendu dute giza garapenerako baldintzak lortzetik hasita, baina horiek iraunkorrak izatea dela erronka. Erresilientzia, garapenerako baldintzon babes moduak eraikitzea ei da kontua, kalteberatasuna edo bulnerabilitatea murrizteko.

Nazio Batuen Garapenerako Programaren txostenaren edukiak euskaraz ere edukitzea bera ere nabarmendu dute gaurko ekitaldian, munduan hogei hizkuntzatan ere ez baita argitaratzen; horren garrantzia azpimarratzeko, Hizkuntza Politikarako sailburuordea bera izan da aurkezpenean, eta, bide batez, giza garapena neurtzeko hizkuntza eta kultura aniztasuna ere kontuan hartu behar liratekeela aldarrikatu du.

Munduan bateko eta besteko giza garapena jomugan, milurtekoko garapen helburuak betetzeko jarritako epea amaitu eta 2015etik aurrera martxan jartzeko garapen-agenda berria lantzen ari da nazioarteko komunitatea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.