Irabazi-Ganemos Debagoienean ere bai

Ezker Anitza-IU, Equo eta Alternativa Republicana alderdiek akordioa egin dute Irabazi-Ganemos ekimena eratzeko. Zehaztu dutenez, "Irabazi ez da koalizio bat, herritarron partaidetzarako gonbite bat baizik". Atzo, martitzena, iluntzean Arrasateko Kulturaten egindako aurkezpenean azaldu moduan, beti ere "norbanakoak errespetatuz, parte-hartzaileen batuketa aritmetikoa baino gehiago" izan nahi dute.

"Aldaketa garaian bizi gara, eta egoera honen aurrean, etsitu beharrean, egoera aldatu nahi dugu; elkarrekin gehitzeko, espazio komun baterantz bat egiteko", horrela laburtu du Iker Carrasco, Equo alderdiko kideak Irabazi-Ganemos ekimena. Kulturateko aurkezpena  lehen pauso bat dela zehaztu dute, ondoren etorriko baitira Irabazi indartzeko lanketak.

Bailarako lehen ekitaldian, argi utzi zuten, ekimen ezkertiarra dela. "Etxebizitza, hezkuntza, berdintasuna, osasuna eta jendearen ongizatea bermatzen dituzte udalerri eta lurraldeak nahi ditugu", dio Carrascok. Horregatik, azaldu zuten, ekimenaren barruan egingo den prozesua ez da zerotik hasiko eta, "aldez aurretik, oinarri minimo batzuk zehaztu dira". 

Irabaziren oinarriak

Ekimen sozial eta politiko askotariko, integratzaile eta irekiak sortzeko konpromisoa hartu dute Irabaziko kideek. Funtzionamendu "gardena eta parte-hartzailea duten esparru kolektiboak" nahi dituzte, non ezker alternatiboko indarrak, ekologia politikokoak, sozialak ala herritarrak nahi baitituzten; denak ere, "lan egiteko prest" egongo direnak, "euren errealitatetik eta nortasunetik aldaketa posible egiteko".

Hautagaitzak aurrerago

Ekimenak fase ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, aurkezpenak egingo dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztietan, eta programa osatzeko metodologia ere landuko dute.

Ekimenaren lehen fasea bukatu ondoren, hautagaitzen fasean sartuko dira. Bigarren pauso horretan hautagaiak proposatzeko moldeak eztabaidatuko dituzte, baita beharrezkoak diren irizpideak finkatu ere (sasoia, karguan atzera botatzeko motiboak, parekotasuna, aniztasuna…). Horrekin batera, parte-hartze zabalena bermatzeko helburuarekin, primaria bidez aukeratuko dituzte ekimeneko ordezkariak.

Eta Podemos-Ahal dugu?

Irabazi ekimeneko kideek onartu dute, norbanako gisa, Podemos alderdiarekin harremanetan jarri direla, baina gurean talde finkorik ez dagoenez, onartu dute ez dutela gehiegi sakondu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.