Kaskarotenea ikastolari laguntzeko, elkartasun krosa

Irati Goitia 2014ko aza. 11a, 13:14

Kaskarotenea ikastolari elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten zapatuan, Ziburun, eta bertan izan ziren hainbat debagoiendar. Bada, dirua batzeko helburuarekin, beste elkartasun keinu bat ere egin nahi dute bailarako ikastoletatik. Hala, elkartasun krosa antolatu dute azaroaren 28rako.

Ikastolak ez hunki lelopean, manifestazioa egin zuten zapatuan Ziburun Kaskarotenea ikastolari babesa erakusteko eta Ziburuko auzapezak hartutako neurri sortari erantzuteko. Jendetza batu zen: 6.000 lagun, Seaskaren arabera. Tartean, baita debagoiendarrak ere. Autobus bat bete zuten Aranzadi, Txantxiku eta Arizmendi ikastolakoek. Aitor Elizaran, Arizmendiko irakasleak esan du giro aparta izan zela eta euren elkartasuna adieraztera joan zirela. Izan ere, Ziburuko Kaskarotenea ikastolak hainbat oztopo jasan ditu: isunak eta argindar mozketa. Horren aurrean elkartasuna adieraztea beharrezkoa dela adierazi du Elizaranek.

Elkartasun krosa

Zapatukoa ez da izan, ordea, debagoiendarrek Kaskarotenea ikastolari erakutsitako lehen elkartasun keinua.  Arrasaten, esaterako, hainbat ekintza egin dituzte: Maritxu Kajoi egunean loreak saldu eta Goikobalu erromerian gozoki sinbolikoa. Bada, azaroaren 28rako elkartasun krosa antolatu dute bailarako ikastolek.

"Bost herritan egingo da: Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara eta Oñati. Kros sinbolikoa izango da, kilometro bat eskas izango du", azaldu du Elizaranek. Ikasleei zuzenduta dago, baina baita gainerako herritarrei ere. Hala, euskararen alde korrika egitera animatu nahi izan ditu Elizaranek, euro baten truke. Batutakoa Ziburuko ikastorlara bideratuko da. "Ziburukoen bisita izango dugu azaroaren 28an. Ikasle, irakasle eta gurasoak etorriko dira. Irailetik egin ditugun ekintzetan ateratako dirua emango diegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak