Baserritarren azoka eguazten arratsaldero egingo dute

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko aza. 4a, 08:46

Lehen sektoreari bultzada emateko ahaleginean beste urrats bat emango dute Udalak eta herriko baserritarrek. Aurrerantzean, eguazten arratsaldero egongo dira baserritarrak Oxirondo azokan. Gutxienez bik jarriko dute postua, txandakako sistema batekin. Hileko lehen eguazteneko azoka bereziari gehituko zaio eskaintza berria.

Badira hilabete batzuk hileko lehen eguaztenean azoka berezia egiten dutela Oxirondon, bertako baserrietako zein bertako ekoizleen produktuekin. Bada, aurrerantzean, lehen eguaztenetan ez ezik, eguazten arratsaldero egongo dira baserritarrak Oxirondoko azokan –ondoko taulan urte bukaera arteko egutegia–. "Hilean behin hasi ginen, baina asteroko dinamikara jauzi egiteko gogoarekin", esan du Arianne Kareaga zinegotziak eta dagoeneko iritsi zaie unea: "Baserritarrekin berba egin dugu eta eguaztenero azokan egoteko ados agertu dira", azaldu Kareaga zinegotziak.

Txandaka egongo dira

Lehen eguazteneko azokan baino baserritar gutxiago egongo dira; txandakako sistema batekin funtzionatuko dute: "Gutxienez bi baserritar egongo dira eguazten arratsaldetan azokan, eta astearen arabera aldatzen joango dira; baina gehiago ere egon daitezke. Hain justu, deialdia egin nahi diet baserritarrei zein bestelako produktuen bertako ekoizleei ere, interesa izanez gero, eguazten arratsaldetan azokan egon daitezen", nabarmendu du Kareagak.

Interesa dutenek Udalera dei dezakete, 943 77 91 24 telefono zenbakira (Marije Unamuno).

Urte bukaerara arteko eguaztenetako egutegia hauxe izango da:

  • Azaroa: 5*, 12, 19, 26.
  • Abendua: 3*, 10, 17.

*Orain arte bezala, hileko lehen eguazteneko azoka berezia izango da.

Lehen eguaztenekoa, berezia

Baserritarrak eguaztenero egongo diren arren, hileko lehenak berezia izaten jarraituko du: "Udalarendako lehentasun izaten jarraituko du, hori indartzen jarraituko dugu", esan du Kareagak.
Etzi, hilak 5, izango da hileko lehen eguaztena. Ohi bezala, 18:00etatik 20:30era izango da eta baserritarrez gain,  udazkenarekin lotutako erakusketa egongo da, umeendako eskulanak eta sasoiko produktuekin egindako dastatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak