Fagor Etxetresnak aste barruan hasiko da ostera ere lanean

Xabier Urzelai 2014ko aza. 4a, 09:30

CNA Group taldea da Fagor Etxetresnakeko jabe berria, eta erosketa prozesua ondo bideratu ostean adierazi dute "berehalakoan" abiatuko dituztela produkzio lanak. Alegia, aste barruan hasiko dituzte produkzio lanak: "Urte amaierarako Fagor berria munduko etxebizitza guztietan egon ahal izateko".

Urtebete baino gehiago geldi egon ostean, Fagor Etxetresnak berriak 155 langilerekin emango ditu lehenengo pausoak, oraingo astean bertan: "Fagor berria dagoeneko errealitate da. Langile gehienak kooperatibako lehengo bazkideak dira, eta gainontzekoak sektore horretan esperientzia handia duten langileak. Hala, kontratazio horiek dagoeneko eginda daude, baina aurreikuspena da Gabonak bitartean kopuru hori hazten joatea, 200 langiletara iritsi arte", adierazi dute CNAko ordezkariek.

Jabe berriek azaldu dutenez, proiektu berria sendotasun finantziero handiaz abiarazi dute: Caixabank buru dela, Bankiaren, Santanderren, Sabadell eta Banco Popularren babesa izango du: "Horrek negozioaren berehalako hedapena zihurtatzen du, eta baita oraingo eta etorkizuneko hornitzaileen aurrean ondo erantzun ahal izatea ere".

Produzitzen hasteko dena gertu

Aurreratu moduan, asteon hasiko dira lanean: "Epaileen partetik jasotako baimenei esker azken asteotan mantenu lanak egin ahal izan ditugu, eta makinaria guztia egoera ezinhobean dagoenez posible izango da astean bertan produzitzen hastea.

Zuzendaritza berritik baieztatu dutenez, logistika komertzial berria ere gertu dago: "Arlo internazionala gertu dago, sei filialekin: AEBtan, Marokon, Dubain, Txekian, Txinan eta Malasian. Eta modu berean, Espainiako talde komertziala ere lanean dabil, eta banatzaile nagusiak Fagor eta Edesa markekin lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du".

Hala, Euskal Herrian hainbat enpresa igarotzen dabiltzan une gogorren aurrean, jabe berriek positiboki baloratzen dute hainbat lanpostu sortzeko egin duten ahalegina, eta azpimarratu gura izan dute, Fagorrek Espainian salduosteko zerbitzurik onena izaten jarraituko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak