Lantegiko lurrak ez ditzatela birkalifikatu eskatu dio Candyko Enpresa Batzordeak Udalari

Lurrok birkalifikatzea zaila dela esan ei diete Udaletik. Bestalde, atzo Atxintxika krosean antolatzaileekin izandako tentsio momentuen gainean argi utzi nahi izan dute langileek euren intentzioa ez zela izan, inola ere, inor mintzea.

Langileek lantegi aurrealdean egin duten bilkurara batu aurretik, goizean Bergarako alkatearekin eta udal arkitektoarekin bilera egin du Candy-Hooverreko Enpresa Batzordeak. Udalari egin dioten eskaria izan da ez ditzala birkalifikatu gaur egun lantegiak hartzen dituen lurrak. "Aurretik ere egonak ziren udaletxean hori galdetzen, eta guk ez dugu nahi eurak horrekin geratzea: ea oraindik negozioa egin behar duten honekin", zioen Jesus Marquez Enpresa Batzordeko kideak. Udaletik esan ei diete zaila dela lurrok birkalifikatzeko aukera aurrera eramatea.

Bestalde, langileen ordezkariek jakitera eman dute egubakoitzean Gasteizen izango direla, Eusko Legebiltzarrean enpleguaren gainean egingo den eztabaidan. Saioa bertatik bertara jarraituko dute, eta Legebiltzarraren kanpoaldean protesta ere egingo dute, lantegiaren itxieragatik.

Bitartean, herrian bertan egingo dituzten mobilizazioak antolatzen ari dira langileak; bihar, esaterako, plazan egingo dute bilkura, goizeko 10:00etan.

Atzo, Atxintxika krosean ere egin zuten protesta Candyko langileek. Lasterketan Candy ez itxi zioen pankartarekin egin zuten korrika batzuek, eta plazan ere adierazi zuten euren haserrea. Antolatzaileak banatzen ari ziren lasterketako material batek Candyren publizitatea zuela-eta, tentsio une batzuk ere izan ziren, eta horren gainean langileek adierazi dute ez zela euren nahia inor mintzea: "Gure arazoa nahikoa latza da; eta aurkezten gara plazan eta txalekoak Candyko propagandarekin: nahikoa gogorra da guretzako. Baina ez zen gure intentzioa inor mintzea".

Erlazionatuak

Belen Arrondo: "Jaurlaritzaren politika ez da egokia; krisia hasi zenetik industria enpresen laurdena ixten ari da"

Bergara

Candy-Hooverren Bergarako lantegi aurrean izan da goizean EH Bilduren legebiltzarkide talde bat, eta baita Amaiurreko diputatu Maite Aristegi berga...
Arantza Tapiak dio "onartezina" dela Candy Taldearen jarduteko modua

Bergara

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren ustez, "oso albiste txarra" da Bergarako Candy-Hoover itxi izana. Eta adierazi ...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.