Azaroaren 2an Antxintxika taldea ez da atletismo jai bat antolatzera mugatuko, eta kroseko 10. urteurren honetan beste pauso bat eman nahi izan dute: "Urtetik urtera lasterketa zabaltzen joan gara. Korrikalariendako proba batekin hasi ginen, patinatzaileak sartu genituen ondoren, gurpildun aulkian lehiatzen direnak gero, eta gaztetxoendako lasterketekin jarraitu dugu", azaldu du Aitor Rementeriak Bergaran egindako aurkezpenean. Hala, hilaren 2an beste pauso bat emango dute, kirol egokituaren alde dirua batzeko.
Dordoka taldea babestuz
"Jakin badakigu Dordoka taldekoek –Debagoienean dagoen kirol egokituko talde bakarra– zailtasun ekonomiko handiak dituztela, eta domeka arratsaldean egingo dugun jaialdia eurei diruz laguntzeko izango da".
Urte hauetan guztietan Antxintxika taldearen helburuetako bat herritarren artean kirola sustatzea izan da: "Baina ezintasun fisikoak dituzten gaztetxo hauendako kirol jardueraren bat egitea are eta garrantzitsuagoa da, euren erreabilitaziorako lagungarri delako, oinarrizkoa". Hala, batzen duten dirua ikastaroak antolatzeko, materiala erosteko eta abarretarako erabiliko dute.
18:00etan hasiko den jaia
Antxintxikakoak goizetik hasiko dira lanean, krosarekin lehenengo (11:00), eta gaztetxoen lasterketekin eguerdi partean.
Dordokaren aldeko jaia, berriz, 18:00etan hasiko dute, frontoian. Hala, Porrotxek eta Ane Piratak lagunduta Bergarako hainbat taldek jaialdian parte hartuko dute: "Bergarako buruhaundi eta kilikien konpartsakoak, Musika Eskolako Gazte Bandakoak, Zubillagako suhiltzaileak, Dortokako partaideak, Jarduneko lagunak eta Antxintxikakoak egongo gara jaialdian". Jaialdiko sarrera 5 eurokoa izango da, eta horrez gain, ekimena diruz babestu gura duenak horretarako aukera izango du (20955206031061226279 kontu korrontean). Sarrerak Sugoi, Lazkano oinetakoak, Eruan taberna eta Deporren egongo dira, eta saltzen ez diren sarrerak egunean bertan leihatilan erosi ahal izango dira.