Bergarak irabazi du Eztalan jokatutako derbi orekatua

Talde biak nor baino gehiago lehian.

Partidua hasi eta hirugarren minutuan etorri da Bergarakoen lehen gola Eztalan; Alberdik sartu du hegaleko falta batean, buruz. Horrek mahoneroei indarra eman die, baina lehenengo zatia 0-1ekoarekin amaitu da. Antzuolarrek ere golak sartzeko hainbat aukera izan dituzte, adibidez hogeigarren minutuan Danelek aukera paregabea izan du, baina ez du lortu. 30. minutuan bergararrek ere izan dute beste aukera bat. Orekatuak eta borrokatuak izan dira lehen 45 minutuak.

Atsedenaldiaren ostean ondo hasi dira antzuolarrak –lehen hamar minutuetan indartsu ibili dira– aurkarien areatik gertu eta aurrean presentzia izan dute. Hala ere, 63. minutuan Bergarakoek bigarren gola sartzea lortu dute; Eñaut bakarrik gelditu da Antzuolako atezainaren aurrean eta ondo gurutzatuta sartu du gola. Hortik aurrera, Antzuolarendako gogorragoa izan da Bergararen aurkako partidua.

Derbietan gertatzen den bezala, zelaian falta asko izan dira, zentro hegaleko asko egon dira eta bi pase jarraian ematea zaila izan da. Bergararrak alboko sake luzeak eta hegaleko faltak ondo atera eta horiek aprobetxatzen saiatu dira. Antzuolakoek, berriz, baloi geldoetan huts egin dute eta mahoneroek momentu horiek aprobetxatu dituzte.

Hirugarren gola 78. minutuan izan da; Markelek falta batetik gol ikusgarria sartu du. 84. minutuan, ostera, penalti bat izan da Antzuolaren alde; Jontxuk bota du, atezainak ondo gelditu du eta alderatzean Tximik kanpora bota du.

84. minutuan Bergarako Beitiari bi txartel hori jarraian atera dizkio epaileak eta kanporatu egin du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.