Ford Mugarrikoendako partidu zaila izan arren, erraz irabaztea lortu dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko urr. 18a, 21:17
Ford Mugarrikoak baloiaren jabe.

Arrasatearrendako oso partidu zaila izan da; Urdaneta taldeko aurkariak azkeneko postuan zindoazen sailkapenean eta etxekoendako oso garrantzitsua zen partiduko bi puntuak lortzea. Presio handiarekin irten dira jokatzera eta urduritasuna nabari izan da jokoan. Baina azkenean bi puntuak eskuratzea lortu dute.

Lehenengo zatian markagailuan nahiko aurretik bukatu dute Ford Mugarrikoek (15-9). Partidu guztia, baina, bai lehenengo eta bai bigarren zatia, faseka jokatu dute; hamar minututako hiruzpalau fase on izan dituzte, eta oso txarrak izan ziren beste bi fase ere izan dituzte. “Lasaitu egin gara, erritmoa jaitsi dugu eta horrek aurkariei beste era bateko jokoa egiteko aukera eman die. Fase horretan nik uste dut jokoa nahiko ona izan dela baina ez dugu lortu partidua apurtzea bukaerara arte. Horregatik, ez nago oso gustura baina aurrera jarraitu beharko dugu”, azaldu du Pablo Gartzia Ford Mugarriko entrenatzaileak partidu ostean. Bigarren zatian markagailuan justuago ibili dira etxekoak; fase batean aurkariak lauzpabost goletara gerturatzea lortu dute, baina etxekoek taldekideen aldaketa batzuk egin ostean, taldea berregituratu eta azkeneko inpultsoa hartuta, Loiukoei erraz irabaztea lortu dute.

Aurkariak arinak eta mugikortasun handikoak izan dira. Arrasatearrak, berriz, indar gehiagoko jokalariekin jokatzera daude ohituta eta horrelako taldeak etxekoei nahiko gaizki etortzen zaizkie, izan ere, defentsan ez dute lan on askorik egiteko aukerarik izaten. Loiukoak sistema oso luzeekin jokatu dute partidua eta hor lortzen zuten aldea. Hala ere, azken minutuetan tentsio une batzuk egon arren eta harmailak ere bero-bero jarri arren, lortu dute burua hotz mantentzea eta garaipena lortzea. Momentuz, denboraldiko bosgarren partiduarekin, hiru garaipen lortu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak