Gripearen aurrean neurriak hartu eta txertoa jartzeko deialdia egin dute Osakidetzatik. Aurtengo kanpaina astelehenean hasi zen eta bi hilabeteko iraupena izango du. "Aurten, kanpaina beste urte batzuetan baino luzeagoa izango da. Nahi dena da txertoa hartuko dutenen kopurua handiagoa izatea", adierazi du Edurne Marañon Arrasateko anbulatorioko erizainak.
Arrisku taldeak
Kanpaina arrisku taldeei dago zuzenduta. Izan ere, gripea gehienetan larria ez bada ere, batzuetan arriskutsua izan daiteke hainbat talderentzat eta horiei bideratzen da, hain zuzen ere: 65 urtetik gorakoei, diabetikoei, gaixo kronikoei (biriketako, bihotzeko, gibeleko edo giltzurrunetako arazoak dituztenei) eta haurdun daudenei.
Gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua aurrez hartu behar da osasun zentroan edo anbulatorioan, telefonoz deituta edo Internet bidez.
Marañonek adierazi du indartsu hasi dutela kanpaina. Atzo, adibidez, 120 hitzordu baino gehiago izan zituzten Arrasateko anbulatorioan txertoa jartzeko. Erizainak gaineratu du espero duela horrela jarraitzea eta jendea txertoa jartzera animatzea.