Atzo bi debagoiendar izan ziren eguneko alfonbra gorriko protagonisten artean. Izan ere, Pablo Malo zuzendariaren Lasa eta Zabala filma estreinatu zuten, eta Mariasun Pagoagak eta Aitor Mantxolak filmean parte hatu dute, lehenak aktore gisa eta bigarrenak argazki zuzendari gisa.
Mantxolak ibilbide luzea du zineman eta, aitortzen duenez, “gustura” errodatu du etxe alboan oraingoan. Aitortu duenez, "lan asko" izan dute filma prestatzen, baina gero eskertu egin dute errodajera etxeko lanak eginda iristea. "Argia protagonista izatea nahi nuen, zerbait konta zezala" esan du Mantxolak, eta gaineratu du filmean, iluntasuna bilatu ordez, argi ilunekin jolastu duela, istorioa are gogorrago ez egiteko.
Beste debagoiendar bat ere izan da filmean: Mariasun Pagoaga. Bigarren mailako papera du, Lasaren amarena, eta kontatzen du berezia izan dela, elkarrizketa gutxirekin aurpegi eta keinuen bitartez erakutsi behar izan duelako pertsonaiaren sufrimendua.
Dena den, istorioaren garrantzia politiko eta historikoagatik sortu du oihartzun gehien filmak. Izan ere, ETAren aurkako gerra zikinean, Lasa eta Zabala etakideen bahiketa tortura eta erailketa ditu hizpide. Bi familien abokatuaren paperean aritu da Unax Ugalde eta aitortu du lan hau "ardura handia" izan dela, bi familiak oraindik bertan daudelako, eta "ez daudelako biktima bezala errekonozituta".