Adegik dio soldatak ia bikoiztu egin direla Gipuzkoan 1994az geroztik

1995etik hasi eta 2014ko maiatzera arteko datuak aztertuta, soldaten eta lan jardunaren bilakaerari buruzko ikerketa egin du Adegik. Negoziazio kolektiboko baldintzak hartu ditu kontuan eta ondorio nagusiak txosten batean bildu ditu, Espainiako datuekin alderatuta.

Besteak beste, Adegik azpimarratu du denbora tarte horretan soldatak ia bikoiztu egin direla. Hain zuzen ere, Gipuzkoan %95 egin dute gora soldatek eta Espainian, aldiz, %77,5, hamazazpi puntu gutxiago.

Dena den, soldatek bakarrik ez, inflazioak ere gora egin du azken urteetan: %66 hain justu. Erosteko ahalmena, beraz, 29 puntutan igo da Gipuzkoan. Espainian, berriz, hamaika puntukoa izan da igoera.

Adegik azaldu duenez, gainera, alde hori are gehiago hazi da krisiaren ondorioz. Izan ere, soldaten euspena 2010ean hasi zen Espainian, eta Gipuzkoan 2013ra arte atzeratu zen.

Batez-besteko lan jardunak, berriz, behera egin du, 2000. urteaz geroztik, batez ere, eta Gipuzkoan negoziatutako batez besteko lanaldia 40 ordu baxuagoa da, Espainiakoarekin alderatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.