Ikerne Badiola: "Erakundeen arteko adostasuna lehenetsi dugu Donostia 2016ko zuzendariaren aukeraketan"

Eneko Azkarate 2014ko ira. 10a, 16:12

Pablo Berastegi Donostia 2016 proiektuko zuzendari nagusiaren izendapenak hautsak harrotu ditu, euskal hiztuna ez izanagatik. Proiektu horren fundazioko kide den Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua Goienan izan da gaur eta adierazi du proiektua "oso egoera latzean" zegoela eta fundazioko patronatuan lehenetsi zutela "erakundeen arteko adostasuna" euskararen aurretik. Adostasun hori bilatzeko, "Europatik zetozen gomendioak aintzat" hartu zituztela. Eta horrek eroan dituela egoera horretara.

Ikerne Badiolaren ustez, Diputazioaren nahia da euskaraz hitz egiten duen zuzendaria aukeratzea Donostia 2016 proiekturako, baina, bestalde, aitortu du, lehiaketako behin baldintzak onartuta, arriskua bazegoela euskal hiztuna ez den hautagairen bat aukeratzeko, azkenean gertatu den moduan.

Badiolak adierazi du, proiektua arriskuan zegoela Itziar Nogueras azken zuzendariaren dimisioarekin eta, hori horrela, fundazioa osatzen duten erakunde guztien adostasuna lehenetsi zutela eta aho batez onartu zutela aintzat hartzea Europatik zetozen gomendioak. Hau da, ingelesa jakitea beharrezko baldintza izatea eta euskara eta gaztelania jakitea kontuan hartzea, ezinbesteko baldintza izan barik.

Ikerne Badiola Goiena telebistako Harira saioan izango da gaur 22:00etan gai honen eta kulturako beste batzuen gainean berbetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak