Debagoienean dira Ukrainako eta Saharako umeak, uda pasatzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko uzt. 4a, 15:41

Joan den astean iritsi ziren eta oporraldia harrera familietan igaroko dute. Abuztu bukaerara arte izango dira hemen; medikuarenera eraman eta bi hilabetez elikadura orekatu bat eramango dute. Bai familiak eta baita umeak ere, pozik daude.

Ukrainatik hamabost ume eta Saharatik bost etorri dira Debagoienera. Oñatira, adibidez, Ukrainako zazpi ume etorri dira, bi lehendabiziko aldiz, eta harrera familiei dagokienez ere, bi berriak dira. Abuztuaren 23ra arte egongo dira hemen, eta momentuz, gustura daude gaztetxoak.

Bi hilabete hauetan indarrak hartzea izaten da helburua. Medikuarenera eramaten dituzte eta gaztetxoen hainbat asmo dituzte udara honetarako: lagunekin jolastu, hemengo familiekin egon, igerilekura joan...

Harreman berezia sortzen da Ukrainako gaztetxoen eta bertako familien artean. Urte guztian zehar mantentzen dute harremana eta hemengo gurasoek dagoeneko familiakotzat dituzte umeak. Gaztetxoak, nola ez, oso gustura egoten dira hemengo familiekin.

Debagoienera iristen azkenak Oñatira etorri diren Ukrainiako haurrak izan dira. Euren aurretik heldu ziren Sahara eta Ukrainiako beste ume batzuk. Banoia Txernobilekin taldearen bitartez etortzen dira Oñatira Ukrainiatik umeak.

Bestalde, Chernobil elkartearen bitartez ere etorri dira bailarara Ukrainako neska-mutikoak: Aramaiora hiru, Eskoriatzara bat, Aretxabaletara bat, Bergarara bi eta Arrasatera bat. Guztira 233 haur ekarri dituzte, beste batzuetan baino gutxiago. Krisiak eragina izan du elkartetik uste dutenez.

Saharatik ere etorri dira bailarara umeak. Guztira bost; Arrasatera, Bergarara, Aretxabaletara, Eskoriatzara eta Aramaiora bana. Oporrak bakean egitasmoaren bitartez 400 etorri dira Euskal Herrira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak