Gipuzkoako Foru Aldundiak, herrialdeko bizikleta foru sarea zabaltzeaz eta sustatzeaz gain, udalerrietan bizikletaren erabilera areagotzea nahi du, eta horretarako, udalentzako diru laguntza lerro bat banatu du. Diru laguntza horien helburua da udalei bidegorriak egin ditzaten laguntzea, era horretan mugikortasun iraunkorragoa lortzeko. Hala, Aldundiak 250.000 eurotako diru laguntzak bideratuko dizkie Gipuzkoako 19 udalei; tartean daude Arrasate, Bergara eta Aretxabaleta.
Arrasate
Arrasateko udalak Anboto kaleko bidegorriko lanak egiteko 49.700 euroko aurrekontua dauka eta 7.000 eurokodiru laguntza jasoko du Foru Aldunditik.
Bergara
Bergarak, berriz, merkatuko bizikleta bidea atontzeko 79.000 euroko aurrekontua dauka eta 35.600 euroko laguntza jasoko du. Segurtasuna bermatzeko, espaloia oso estua denez, oinezkoak eta txirrindulariak banatzea proposatzen da txirrindulariendako bide berria eginez, gaur egun dagoen hormaren gainetik. Gaur egungo espaloia oinezkoendako geldituko litzateke horrela eta txirrindulariendako bide berriak bi metro izango lituzke.
Aretxabaleta
Aretxabaletak, ostera, herri bidegorriaren proiektua idazteko 24.000 euroko aurrekontua egin du, horietako 7.900 euro Aldundiak emango ditu. Kurtzebarri eskolatik pasatzen den bidegorri tartea aldatzeko izango litzateke proiektua.
Kurtzebarri eskolako jolastoki erditik eta pilotaleku albotik pasatzen da orain bidegorria, eta hori desbideratzea izango litzateke asmoa. Eskolaren aurrealdera, errepiderantz ekarri gura da bidea, bertan dauden aparkaleku batzuk kenduta. Hori egin aurretik, baina, alkatearen asmoa da herritarrei azaltzea proiektua, eta horien oniritzia jasotzea.
Dena den, proiektua idazteak ez du esan gura lanok lehenbailehen egingo direnik. Hala jakinarazi gura izan du Ana Bolinaga alkateak. Izan ere, obra horrek 400.000 euro inguruko kostua izango duelakoan dago eta adierazi du Udala orain ez dagoela horri aurre egiteko moduan.
Debagoienak, beraz, bidegorriei zuzendutako 50.500 euro inguruko diru laguntza jasoko du Foru Aldunditik.