Emaus: beste eredu batera bidean urratsa aurrera, Arrasaten

Julen Iriondo 2014ko eka. 18a, 16:00
2009an iritsi zen Emaus Arrasatera, eta ordutik hona emandakoak bata bestearen izenari are estuago lotzeko norabidean egindako urratsak izan dira.

Bigarren eskuko arropa denda izan zen aurrena; gune berria egokitu eta lehengoez gain altzari eta bestelakoak saltzen hastea gero; eta Nafarroa etorbidea utzi –hasieratik gaur arte han izan da Emaus– eta Musakolara lekualdatzea orain –Udalak utzi dio tokia, prezio sinbolikoarekin, 25 urterako–, leku aldaketa soila baino gehiago izan denarekin. Azalera handiagoa, aukera berriak, berrerabilpenaren alde eta gizarte bazterkeriaren kontra diharduen fundazioarentzat.

"Ekocenterrak [aurrez Donostian eta Irunen dituzte], guretzako, lan espazioak izateaz gain, bigarren eskuko produktuen salmenta puntu izateaz gain, beste zerbait ere badira, kontzeptu bat dira", dio Gizarteratzerako arduradun Nerea Kortajarenak Arrasateko gune berrian oraindik hutsik ikus daitekeen espazio zabal bat erakusten digula, Emausen beste jardueretako bat azaltzeko: "Formazioa eta lan gaitasunekin erlazionatutako programak eta zerbitzuak martxan jartzea da gure asmoa. Guk beti egiten dugu lan bazterketa egoeran dauden pertsonekin, eta gure asmoa zentzu horretan izaten da pertsona hauei gaitasun eta trebezietan garatzeko aukera emateko espazioak sortzea: tailerrak egiten ditugu, formazio programak, orientazio programak, eta horientzako egokitutako espazio bat izango da hau", dio lekua seinalatuz. 

Elkarlanerako asmoa 

Jarduerari dagokionez berrikuntza nagusietakoa hori, bi solairuko eraikinean behekoan, biltegia ere egongo den lekuan –jasotako materiala sailkatu eta atontzeko lekua–, Sindesperdicio markako osagarriak egiteko –joste lanetarako– tailerrarekin batera. Eta goiko solairuan dituzte salgai iragarki-banderatxoekin egindako osagarriok eta gainerakoak –goiz eta arratsaldez; zapatuetan, goizez–: arropa, liburuak, jostailuak, altzariak eta etxerako beste hainbat gauza eta gailu, bigarren eskukoak –bertara eraman daitezke edo 943771871 zenbakira deitu–. 

Leku aldaketarekin, langile kopurua ere aldatuko da: sei ziren orain arte, eta bi gehiago izango dira aurrerantzean, Emausek bere buruari ezarritako beste helburuetako batean urratsa eginez: "Hemen lanean ari diren behargin guztiak langileak dira, kontratatuta daude, edozein enpresatan bezala, eta beraien berezitasun bakarra da laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak direla, nahiz eta gaur egun kontzeptu hori nahikoa zabala den", dio Kortajarenak, egungo egoeran "zailtasun berezi horiek" dituena "jende asko eta asko" dela gaineratuz. 

Eta Emausen asmoa bada ahal den neurrian are jende gehiagori ematea lanerako aukera: "Iruditzen zaigu Ekocenterra martxan doan neurrian eta beste dinamika bat eta dimentsio batzuk hartzen dituen neurrian enplegua sortzeko moduan ere egongo dela". Seinale ona litzateke, berrerabilpenerako deia erantzun baikorra jasotzen lebilkeela ere esan nahi bailuke. 

Eta honetan guztian beste batzuekin batera jardun nahi du Emausek: "Gure asmoa da bertako eragileei irekitako co-working-erako eta elkarlanerako espazioak sortzea baita ere". "Herriaren kohesioan eta komunitatea sortzen" euren ekarpena egin nahi dute, eta "bailaran eta Arrasaten eragile aktibo izan":  "Ilusio handiz heltzen diogu erronka berriari".

----------

Larruzkoak barik, kafe zakuz eginikoak

Aurreko eguaztenean inauguratu zuten Arrasateko Ekocenterra, eta ordezkari politikoek izan zuten aukera bertan aurki daitezkeenak ikusteko eta kasuren batean probatzeko ere; adibidez, argazkiko jarleku horixe: egitura, bestela zabortegian amaituko zukeena; eta gainerakoa kafe zakuz egina: "Bidezko merkataritzako kafe zakuak dira, ze hori ere edukitzen dugu kontuan: beste kontsumo mota bat posible dela eta beste era bateko harremana izan dezakegula ekoizleekin". Beraz, erabat berrerabilitako gauzekin egina, dotorea eta erabilgarria, eta mezua ere baduena. Eta egileek ere merezi dute aipamena, birgizarteratzeko Emausen zentroetan egiten dituzte-eta halakoak, aurretik "kalean eta bazterketa egoeran" zeuden pertsonek, Nerea Kortajarenaren arabera.

Eta, adibidez, ordezkari politikoen hitzalditxoetarako erabilitako atrila ere kaxoi-altzari bat izan zen: "Agerraldi asko egiten ditugu, baina lehen aldia dut horrelako atril batekin, eta ohore bat da; segun eta ze mentalitate, lotsagarrikeria irudi zekiokeen baten bati. Baina hau da egin beharrekoa; hau harro egoteko kontua da. Eskerrak eman dizkigu gaur Emausek [511.000 euro jarri ditu Aldundiak Ekocenterrerako], baina eskerrak geuk eman behar dizkizuegu zuei, arazo bat ekiditen laguntzen duzuelako", zioen Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek.

------------

----------

Isabel Fernandez: "Emausek ditu era guztietako langileak, baita formatuak ere"

"Irailetik nabil Emausen. Langabezian nengoela, saiatu nintzen formatzen. Lan-poltsa baten sartu nintzen, postua atera zen, elkarrizketa egin eta aukeratu egin ninduten. Emausek era guztietako langileak ditu, baita langile formatuak ere. Laneratzeko aukera ematen duen enpresa da lanpostu bat eskaintzen dizun heinean, baina, bizi dugun garaian eta egoeran, beste edozein enpresa pribatutan gertatzen den bezala. Pozik nago lanarekin, dagoen mugimenduagatik; askotariko jendea etortzen da. Bigarren eskuko denden kultura gero eta handiagoa dugu. Eta ari gara aurreiritziak galtzen ere".

----------

Iñigo Pando: "Birgizarteratze kontratu batekin sartu nintzen, INEM bidez"

"Ni INEM bitartez sartu nintzen, birgizarteratze kontratu batekin. Bi urte neramatzan lanik gabe; Gureak-en egon nintzen lanean sei hilabetez, eta handik irtetean deitu zidaten hemendik. Aurretik pintore, errebarbatzaile... gauza askotan ibilia naiz. Emausen pozik nago, lanean nago eta ez da gutxi; lan ona egiten du Emausek birziklatzeari dagokionez, eta baita birgizarteratzean ere. Jende askok ditu laneratzeko zailtasunak. Hemen ibiltzeak ez dakit lagunduko didan besterik aurkitzen; krisia pasatzen bada... Esperientzia hartzeko balio izan dit behintzat".

----------

Doralba Bergara: "Badut esperantza hau bukatzean beste zerbait aurkitzeko"

"Iragarki bat ikusi nuen: pertsona bat behar zuten josteko, Sindesperdicio markako poltsak egiteko. Lanik gabe nengoen, baldintzak betetzen nituen eta onartu egin ninduten. Asko gustatzen zait lana; asko gustatzen zait jostea. Zazpi urte daramatzat Arrasaten, eta, lan egin izan dudan arren, inoiz ez dut kontraturik eduki. Hemen gauza asko ikasi ditut, etorkizunerako asko balioko didatenak; ze arlo desberdinetan ibili naiz: arropekin, altzariekin...; edozertan moldatu ahal izango nintzateke. Badut esperantza uztailean hau bukatzean beste zerbait aurkitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak