Bainu denboraldia hastera doa

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko eka. 12a, 13:39

Debagoieneko igerilekuek uda denboraldiari hasiera emango diote bihartik astelehenera bitartean. Bihar, egubakoitza, Bergarako Agorrosingo kanpoko igerilekua eta berdegunea zabalduko dute. Eta ondorengo egunetan irekiko dituzte baita ere Oñatiko kiroldegiko berdegunea edota Arrasateko kanpoko igerilekuak. Aretxabaletan eguraldi ona egiten duenean dagoeneko zabalik egoten da zelaia eta Eskoriatzan, berriz, aurten itxita egongo dira igerilekuak, obrak direla-eta.

Azken prestaketa lanetan dihardute egunotan Debagoieneko kiroldegietan. Bihar, egubakoitza, Bergarako kanpoko igerilekua eta berdegunea zabalduko dituzte, eta ondorengo egunetan zabalduko dituzte beste herrietakoak ere.

Bergara

Bihar, egubakoitza irekiko dituzte kanpoko berdegunea eta igerilekua. Horrekin batera, udako ordutegia ere estreinatuko dute: 10:00etatik 20:30era egongo da zabalik kanpoko gunea.

Aurreko urteekin alderatuta, ez da berrikuntza handirik egongo baina bada berrikuntza nagusi bat: San Martzial ostean, uztailaren 7tik aurrera, posible izango da kanpoko igerilekuetatik ondoko futbol zelaira pasatzea.

Aurreko urteko moduan hamakak giltzapean uzteko txokoa ere egongo da Bergarako erabiltzaileen eskura eta guztia prest uzten dihardute egunotan, udako jende gorakadari aurre egiteko.

Oñati

Usakon, bestalde, zapatutik aurrera soroslea egongo da arratsaldetan irailera arte eta Oñatiko kiroldegiko berdegunea, berriz, domekatik aurrera izango da zabalik.

Aretxabaleta

Aretxabaletako berdegunea, berriz, eguraldi ona egiten duen egunetan irekita egoten da dagoeneko.

Arrasate

Arrasateko kanpoko igerileku handia urez beteta dago baina ur putzu txikia eta ertaina oraindik bete gabe daude. Astelehenean zabalduko dituzte kanpoko igerilekuak eta berdegunea eta aurtengo berrikuntzetako bat da eguraldi txarra balego, barruko igerilekura joateko aukera izango dutela abonatuek. Promozio berezi bat jarri dute, gainera: ekainaren 20a baino lehenago abonatzen direnen artean, doako abonu bat zozketatuko da.

Txirrista txiki bat ere jarri dute ur putzu txikian eta uda denboraldia ireki aurretik prest izango dituzte baita ere handian jarriko dituzten beste bi txirristak ere. Hamakak ere alokatu ahal izango dira joan zen urtean bezala.

Hauxe da berrikuntza nagusia: arratsaldetan animazioa izango dela. Dinamizatzailearekin ur jolasak, ur bolei bola, ur basketa edota oreka jolasak egingo dituzte, besteak beste, baina gune lehorrean petanka edota diana jokoak ere egingo dituzte uda honetan. Azken berrikuntza da kantinan ogitartekoak eskainiko dituztela.

Txatxilipurdirekin elkarlanean, Freskura proiektua ere jarriko dute euskal aldizkariak edota jolasak hartu, erabili eta berriro bere txokoan bueltan uzteko.

Eskoriatza

Eskoriatzako igerilekuak, bestalde, udan itxita egongo dira obrak direla-eta. Uztailetik urria hasierara arte egongo da itxita kiroldegiko beheko solairu guztia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak