Bergarako orfeoiak eta Oñatiko abesbatzak barroko garaiko obrak abestuko dituzte aurkeztu berri dituzten bi kontzertuetan. Hamazazpigarren mendeko doinuak gurera ekartzeko, Bach eta Vivaldiren lanak aukeratu dituzte antolatzaileek. Garaiko estiloaren erakusleiho izateaz gain, obra bereziak ere badira kantatuko dituztenak.
Bergarako eta Oñatiko abesbatzek batera egiten duten lehen proiektu indartsua da aurtengoa. Duela sei hilabete hasi ziren Vivaldi-Bach proiektuan lanean, eta antolatzaileen esanetan, lan gogorra baina aberasgarria izan da. Kontzertuetan, 110 pertsonak osatutako korua arituko da kantuan, orkestrak 26 musikari izango ditu eta 45 bakarlarik abestuko dute.
Oraingoz bi kontzertu dituzte esku artean:
- Ekainaren 29an, domeka, 19:00etan, Oñatiko parrokian.
- Uztailaren 5ean, zapatua, 19:00etan, Bergarako parrokian.
Hala ere, antolatzaileek ez dute baztertu kanpora ateratzea. Izan ere, iazko arrakasta ikusita, aurtengo proiektuak ere harrera ona izango duela espero dute.
Kontzertuetara joateko asmoa dutenek sarrerak Bergarako kultura etxean, Benjamin zapata dendan eta Pikupe produkzioen bulegoan eskuratu ahal izango dituzte, zortzi euroren truke. Oñatin ere jarriko dituzte salgai, Izarraitz eta Portu tabernetan, hain zuzen ere.