100.000 herritarrek baino gehiagok hartuko dute parte domekako giza katean. Ubane Madera Goienako kazetariaren esanetan, Debagoienan ere "jendetza izugarria" izango da eta Goiena, "herritik jaio, herritarrekin egin eta herritarrentzat landutako komunikabidea izanik", ezinbestekotzat jo dute domekako ekitaldiak "behar den moduan" jaso eta herritarrei eskaintzea. Horretarako, Goiena.net-en, Goiena telebistan eta hurrengo eguneko Goiena paperekoan aipamen berezia egingo diote ekimenari.
Giza katea domekan izango bada ere, antolatzaileak aspaldi hasi ziren lanean eta Goienak ere pausoz pauso jarraitu du orain arteko prozesu guztia bere hedabide guztietan. Besteak beste, atal berezi bat sortu du webgunean, ekimenari loturiko albiste guztiak biltzen dituena, eta telebistan ere tertulia berezi bat izan zen eguaztenean. Gainera, gaurko Goiena paperak erreportaje berezia eskaini dio giza kateari eta jarraipena, Maderak adierazi bezala, "hasi baino ez da egin". Besteak beste, egunean bertan, Goienako interneteko atarian aldiroko jarraipena egiteko aukera egongo da. Goiena telebistan saio berezi bat ere izango da gaueko bederatzietan eta biharamunean zortzi orriko erreportajea eskainiko zaio papereko edizioan. Domekan zein astelehenean, beraz, giza kateari buruzko informazio guztia eskainiko du Goienak.
Parte hartzeko aukera
Jarraipen berezia, ordea, ez da hedabideen esku bakarrik egongo. Izan ere, bere ikuspegia eskaini nahi duen edonork iruzkinak, argazkiak edota bideoak sareratzeko aukera izango du. Horretarako, Watsapp eta Telegram bidez bidali beharko dira argazkiak, iruzkinak zein bideoak 688690017 zenbakira.