Guztira, 27 herrialdetako 1.314 enpresa erakusketa baino gehiago daude egunotan Bilbao Exhibition Centerren, azken edizioan baino %12 gehiago. Datu gehiago: 800 makina inguru eta 300 berritasun eta prestakuntza-hitzaldi dabiltza izaten.
Debagoienetik ere ordezkaritza zabala joan da bertara: 10 enpresa. Danobat kooperatiba (Soraluze kooperatiba tarteko), Fagor Automation, Fagor Arrasate, Oerlikon Balzers (Antzuola), Sisteco (Elgeta), Sitalu S.L. (Bergara), Talleres Filber S.L. (Bergara), Teconología y sistemas para EDM S.L. (Bergara) eta Num CNC Highend Applications S.A. (Oñati).
Sektorearen pisu handia
Makina-erremintaren industriak paper erabakigarria dauka ekonomiako sektore produktibo garrantzitsuenetan. Hala, urteko topaketa industrial handienean dauden erakusketarien sektore bezeroen ratioek adierazten dute %44ak konponbideak eskaintzen dituztela makineria eta ekipo-ondasunen fabrikaziorako, %40 piezen mekanizazio eta transformaziorako, %39k automobilgintzarako, %25ek aeronautikaren sektorerako, %17k siderurgia, egiturak eta industria orokor astunerako, %10ek energiaren eta oil&gas esparrurako, %8k trenbideen sektorerako eta %4k erreminten fabrikaziorako.
Eta hori datuetan ere ikusten da; besteak beste, Makina Erremintaren biurtekoa nazioarteko zirkuitu zabalera ere iristen delako, horren erakusle da bertan parte hartzen duten enpresen %57 atzerritarrak direla. Herrialde batzuk aipatzearren, Alemania, Austria, Txina, Frantzia, Holanda, Suedia, Suitza eta Taiwango enpresek bat egin dute Barakaldoko erakustazokan.