Beste 20 urterako laga dio egoitza Arrasateko Udalak Goiena Taldeari

Irati Goitia 2014ko mai. 20a, 15:16

Gaur goizean sinatu dute lagapenaren hitzarmena Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek eta Goiena Komunikazio Taldeko presidente Aitor Izagirrek. Hitzarmenaren bitartez, beste hogei urterako egin dio egoitzaren lagapena Arrasateko Udalak Goiena Komunikazio Taldeari. Udaleko ordezkariek bisita gidatua ere egin dute Goienaren egoitza eraberrituan.

Arrasateko Udalak eta Goiena Komunikazio Taldeak sinatu duten 20 urterako hitzarmena harreman baten fruitu dela adierazi du Iban Arantzabal, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari orokorrak. "Arrasateko alkateaz oso harreman zintzoa, gertukoa eta ulermenekoa izan dugu. Euskara batzordetik pasa ostean, 20 urterako hitzarmena lortu dugu", adierazi du Arantzabalek. Gaineratu du garai batean Arrasate Press-ekin hasitako bideari jarraipena ematen zaiola horrela.

Sinadura

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Goiena Komunikazio Taldeko presidente Aitor Izagirrek eta Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek. Izagirrek nabarmendu du egonkortasuna dakarren hitzarmena dela: "Guretzat oso garrantzitsua da egonkortasuna eta lasaitasuna ematen digulako datozen 20 urteotarako. Oso pozik gaude eta Arrasateko Udalari eskerrak eman nahiko genizkioke".

Azkarragaurizarrek ere sinadura garrantzitsua dela adierazi du: "Batetik, euskararen normalizaziorako eginiko bidearen aitorpena da, eta bestetik, babesa ere jartzen dugu aurrera begira". Arrasateko alkateak gaineratu du Goiena herritik sortutako proiektua dela eta Arrasateko Udalarentzako garrantzitsua dela horrelako komunikabide bat herrian izatea.

Bisita, egoitza eraberrituan

Hitzarmena sinatzeaz gain, bisita gidatua ere egin dute udaleko ordezkariek. Hala, egoitza eraberritua ikusteko aukera izan dute. Izan ere, azken hilabeteetako lanen ostean, Goiena Komunikazio Taldeko lantalde guztia Arrasaten dago bateratuta orain. "Bateratzeak ekarri du lankideon arteko harremanak hobeak izatea, denbora murriztuz eta eraginkortasuna handituz. Kostuak ere gutxitu dira. Guztiok batera egotean, bilerak egiteko ez dugu mugitu beharrik, adibidez. Garrantzitsuena da, baina, denok batera egonda zerbitzu hobea eskaintzeko kapazitatea izango dugula", esan du Arantzabalek.

Egoitza berean, hiru solairutan dago banatuta orain, Goiena. Lehenengoan, telebista; bigarrenean, administrariak eta bulegoak; eta hirugarrenean, erredakzio berria. "Hirugarren solairuaz lortu dugu erredakzio bateratua. Diseinatzaileak, publizistak eta kazetariak batera daude bertan, eta uste dut batak bestearekin duten harremana sendotu egingo dela", zehaztu du Goienako Komunikazio Taldeko zuzendari orokorrak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak