Hainbat banketxetan kalteak egin zituzten Maiatzaren Lehenaren bueltan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mai. 5a, 16:36

Maiatzaren Lehenaren bueltan banketxeen aurkako erasoak izan ziren Euskal Herriko zenbait herritan, baita gure bailaran ere. Oñatin sei bankuren bulegoak erasotu zituzten; pintura bota zieten leiho, ate eta pertsianei, eta aparrez estali zituzten kutxazainetako batzuk. Arrasaten, berriz, pintura gorria bota zuten hiru banketxeren aurka.

Arrasaten hiru banketxe erasotu zituzten, Garibai kaleko Kutxabank, BBVA eta La Caixa. Ertzaintzaren arabera, erasotzaileek pintura gorridun bonbillak erabili zituzten, eta beirazko erakusleihoak, sarrerako ateak eta horma-irudiak zikindu zituzten. Arrasateko alderdi sozialistak erasoak salatu ditu prentsa ohar bidez, eta adierazi dute iraganeko parte zirela uste zutela. Era berean, Arrasateko Udaleko Bozeramaileen Batzordeari urgentziazko bilera bat eskatu diote eta ekintzok salatzeko mozio bat aurkeztuko dutela aurreratu dute. Mozio hori udal talde guztiek onartuko dutela espero dute.

PSE-EE: "Ulertezina eta erabat arbuiagarria"

Arrasateko PSE-Euskadiko Ezkerrako bozeramaile Aritz Arrietak uste du eraso horiek "ulertezinak eta erabat arbuiagarriak" direla eta horregatik Ertzaintzari eskatu dio eraso horien erantzuleak berehala identifika ditzala, epaituak izan daitezen.

Bestalde, Oñatin sei bankuren bulegoak erasotu zituzten: BBVA, Kutxabank, Laboral Kutxa, Santander, Rural Kutxa eta Sabadell Guipuzcoano. Hau da, kaleko banku guztien aurka egin zuten, La Caixakoa izan ezik. Pintura bota zieten leiho, ate eta pertsianei, eta aparrez estali zituzten kutxazainetako batzuk.

Bizkaian ere izan ziren erasoak, besteak beste, Durangon, Erandion eta Leioan. Zenbait banketxeren kutxazain automatikoak erre zituzten eta baita kristalak hautsi ere. Kasuren baten, gainera, mazo batekin erasotu zituzten kutxazain automatiko eta kristalak. Maiatzaren Lehenari erreferentzia egiten zieten pintaketak agertu ziren non edo non.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak