Bi herrialdeak daude "une interesgarrian", euren esanetan, eta nahiz eta bateko eta besteko prozesuak fase ezberdinetan egon eta hainbat aspektutan ez etorri bat, ezaugarri komun asko dituzte: "Bi prozesu subiranista daude martxan –Kataluniakoa aurreratuago beharbada, baina gurea ere une interesgarrian–. Horregatik, irakurketa bateratu bat egin gura genuen", adierazi du Debagoieneko Ernaiko Igor Tomek.
Ideia horietatik abiatuta, hausnarketa egin zuten atzo arratsaldean, Oñatiko Antixena gaztetxean. Elkar ezagutu eta izotza apurtzeko joko batzuk egin zituzten aurretik; ondoren, berriz, mural bat margotu zuten "bi antolakundeen arteko anaitasuna eta bi herrialdeen arteko lotura irudikatzeko".
Gaur, Larrutu sistema, eraldaketa gure baitan lelopean, Ernaik antolatutako lehen manifestazio nazionala egin dute Bilbon eta bertan izan dira Debagoieneko eta Sabadelletik etorritako gazteak ere, "egungo prekarietate egoera salatu, eta alternatiba bat eraiki eta eskaintzeko gazteriari".
Ernaiko gazte debagoiendarrek Kataluniara joan asmo dute Diada egunerako.