Ekainaren 8ko egitaraua prest Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mai. 3a, 10:14
Hilabete pasatxo falta da Gure Esku Dago dinamikaren barruan egingo den giza katerako. Bergara izango da egun horretako bost jai-guneetako bat, eta prest dute egitaraua. Atzo aurkeztu zieten Debagoieneko 20 kilometroetan esku hartuko duten herrietako ordezkariei eta ez hori bakarrik: bisitan joan ziren, giza kateak zeharkatuko dituen kilometroak bertatik bertara ezagutzeko. Balorazio positiboa egin zuten hartzaile zein bisitariek, Getxotik etorritako Iñaki Zarraoa jeltzaleak, tartean.

Bergara, Antzuola, Arrasate eta Oñatiko taldeetako ordezkariak batu zituen atzo arratsaldeko hitzorduak eta baita Bizkaitik etorritako hainbat ere: Ezkerraldekoak eta Getxokoak, tartean.

123 kilometro izango ditu akainaren 8an, Iruñeatik Durangora, egingo den giza-kateak; horietatik 20 Debagoienean. Arrasate, Bergara eta Antzuolatik igaroko da. Kilometro hartzaileak izango dira hirurak eta eurekin batera Oñati ere ariko da kilometro horiek kudeatzeko lanetan.

Hilabeteak daramatzate lanean eta elkarrekiko hartu-emanean, baina atzo pauso bat gehiago eman zuten: Bergaran elkartu ziren arratsaldean, zuzeneko hartu-emana izateko eta ibilbidea eta inguruak lehen eskutik ezagutzeko. Balorazio ezin positiboagoa egin zuten amaieran, data gerturatzen ari dela kontuan izanik urduritzen hasiak zeudelako eta, zentzu horretan, atzokoak lasaitzeko balio izan zielako, guztia uste baino aurreratuago eta lotuago dagoela ikusi zutelako. "Antolakuntza lan bikaina egiten ari dira", zioten bisitariek.

Iñaki Zarraoa: "Giza katean parte hartzen ez duena damutuko delakoan nago"

Pozik mintzatu zen Iñaki Zarraoa ere (EAJ), EITBko zuzendari ohia eta Getxoko alkate ohia: "Oso inpresio ona daramagu, oso ondo erakutsi digutelako kilometro bakoitza nola antolatuta egongo den, gai izan direlako gure iradokizunak onartzeko eta Bergarako jaia potentea izango dela ikustarazi digutelako. Asko maite dugu Durango, baina uste dut gaur Bergaran izan garenak hemen geratuko garela ekainaren 8an eta gure jendea ere konbentzituko dugula horretarako. Hemengo koordinatzaileek izugarrizko lana egin dute eta jarrera oso ona erakutsi dute; oso pozik goaz".

Bere ustez, ekainaren 8a zer izango den galdetuta, berriz, egun oso garrantzitsua izango dela eta aurreikuspen guztiak gaindituko dituelakoan dagoela kontatu zigun: "Ni benetan sinetsita nago egun horretan giza katean parte hartzen ez duena damutuko dela betirako. Oso giro ona egongo da, eskubide bat defendatzen ari gara, diferenteen arteko ekimena da –eta hori oso garrantzitsua da gure herrian– eta uste dut 50.000 pertsona baino askoz gehiago izango garela, 100.000tik hurbil ibiliko garela sentitzen dut".

Bost jai-gune

Durango, Bergara, Lazkao, Altsasu eta Iruñea izango dira egun horretako jai-guneak. Kanpantzartik Deskargara arteko giza katean esku hartuko dutenen jai-gune izango da Bergara; 12.000 lagun inguruk osatuko dute 20 kilometroko tarte hori eta, behin giza katea amaituta, Bergaran batuko dira. Eguerditik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute bertan.

Bergarako egitaraua

Goizean

  • 09:30-10:30 Autobusak iritsi ahala, antolatzaileek autobusen aparkalekuak kudeatuko dituzte. Herri bakoitza arduratuko da bere kilometroan giza katea girotzeko ekitaldiak kudeatzeaz.
  • 12:00-12:30 Giza katea, eskutik eskura.
  • 12:30-13:30 Giza katea amaitutakoan, Debagoienean giza katea osatu duten talde guztiak elkarrekin itzuliko dira Bergarara, nor bere giroarekin –txaranga, bertsolari, txistulari, pailazo...–; inguruan daudenak oinez, eta gainontzekoak autobusetan.
  • 13:30-14:30 Ekitaldi berezia Herriko Plazan, debagoiendarrekin eta bailara etorritako guztiekin, Gure Esku Dagoko antolatzaileek girotuta.

Eguerditik aurrera

Bi gune nagusi izango dira: haur eta familientzat bat, eta gazteentzat bestea.

1. Txosna gunea (Bideberrin): Ume eta familientzako gunea izango da. Jateko gunea egongo da bertan. Batetik, txosna batean ogitartekoak eta mokadutxoak egongo dira; eta bestetik, mahaiak eta aulkiak, etxetik janaria ekartzen dutenek ere bertan egoteko aukera izan dezaten. Estalitako gunea izango da eta komunak ere egongo dira.

Ume eta familia guneko egitaraua:

  • 16:00 Irrien Lagunak.
  • 17:30 Herrixa dantzan erromeria.
  • Puzgarriak, egun guztian zehar.
  • Apar festa, pailazoen aurretik eta ondoren.

2. Herriko Plaza: Bertan egongo da eszenatoki handia eta gazteen gunea izango da. Herriko Plazatik hurbil dagoen Munibe plazan jatekoa egongo da, catering zerbitzu baten eskutik. Euria eginez gero, jateko gunea Seminarioan jarriko dute. Komunak egongo dira.

Gazteentzako egitaraua:

  • 15:30-... Gaur egun gazteen artean erreferente diren musika taldeen kontzertuak.

Horiez gain, eta kontuan izanik Bergaran Pentekoste jaiak ospatzen ariko direla, Bergarako jaietako egitarauan honako ekintza hauek aurreikusten dira egun horretarako:

  • 17:30-19:00 XXXVII. Euskadiko Dantza Askatuko Txapelketa, 16 urtez azpiko bikoteentzat.
  • 18:30-20:00 Euskal Herriko Errekortadore Txapelketa, zezen plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak