Liburua arimaren ispilu ekintza-programa aurkeztu dute gaur goizean Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Arantzazuko Santutegiak, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak elkarlanean antolatu dute programa, Santutegiaren historian oinarrizko objektu izan zen liburuaren gainean.
Hiru ekintza antolatu dituzte zikloaren baitan: Lehenengoa, 1495eko inkunable baten zaharberritzea; bigarrena, Xabier Egaña artistaren erakusketa bat eta hirugarrena, aurrerago egingo den liburu azoka, Edizio Frantziskotarrak argitaletxearen argitalpenekin.
Henar Peso berriztatzaileak egin du San Agustinen 1495eko inkunablearen zaharberritzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak badu dokumentu historikoak digitalizatzeko programa bat martxan. San Agustinena oso egoera txarrean zegoela-eta, ezinezkoa zen haren digitalizazioa. Zaharberritzearen ondoren, gertu dago digitalizatzeko, Arantzazuko gainontzeko inkunableekin egin den moduan.
Guztira 107 inkunable daude Arantzazun. Sekulako altxorra, kontutan izanda Gipuzkoa osoan 160tik gora daudela.
Horrekin batera, gaurko Gandiagako aurkezpenean, Xabier Egaña artistaren erakusketa ere inauguratu dute. Hain zuzen ere, libururen bueltan oinarritutako sorkuntzak ipini ditu erakusgai Egañak. eskultura erakusketa bat da, maiatzean zehar ikusgai egongo dena. Kutsu dadaista dute haren lanek.