Oñati inguruan, esaterako, 350 lagun ibili dira apirilaren 17a eta 21a bitartean; iaz, ostera, 317. Eta egunik jendetsuena apirilaren 18a izan da, 119 lagun etorri baitzen orduan. Oñatiko turismo bulegoak eskainitako bisita gidatu guztiak egin dituzte gainera, eta 173 lagunek jardun dute gidari baten laguntzarekin. Bisitari gehienak bertakoak izan dira, Bizkaia aldetik etorritakoak asko; eta Kataluniatik, Gaztela Mantxatik eta Aragoitik ere hainbat etorri dira.
Arrikrutzen ere bisitari asko izan dituzte; hemen ere gehienak Euskal Herrikoak, eta gero Madrildik eta Kataluniatik etorritakoak.
Eta Oñatira etorritako gehienek jo dute Arantzazura. Hala, jendez lepo egon da Aste Santuko egunetan.
Gatzagako turismo bulegoan ere pozik daude, Aste Santuko egunetan 111 lagun pasatu dira-eta gatz museotik. Eta han ere, Euskal Herrikoak izan dira gehienak, baita Madrildik etorritakoak ere.
Eta bisitan etorri diren askok lo egiteko lekua ere gurean topatu dute. Hori horrela, ostatu gehienak beteta izan dira Aste Santuko bost egunetan.
Hala, ostatuetako ugazabak pozik, eta turismoari esker lan egiten duten gainerakoak ere bai.
Behin Aste Santua bukatuta bisitari kopuruak asko egin du behera gurean, baina Pazko Astean, oraindik jai dutela aprobetxatuta, hainbat turista topatu ditugu han eta hemen.