Historia, artea, natura eta gastronomia ia etxeko atarian bertan

Jon Berezibar 2014ko api. 16a, 18:05

Kultura, natura, historia eta gastronomia batuko ditu turismo bulegoen oraingo oporraldirako eskaintza zabalak. Prest daukate egitarau eta eskaintza zabala, ordutegi bereziekin.

Hala, artea, historia eta kultura eskutik hartuta, Bergara, Arantzazu eta Elgetatik ibilaldiak egongo dira. Bergaran gune historikoa bisitatzeko ibilaldi gidatuak egongo dira 11:00etan eta 16:30ean eta baita aurrez eskatutako orduetan ere.

Arantzazu inguruan aurki daitekeen eskaintza, ostera, bi zatitan banatzen da eta Santutegiarekin eta Oteiza artistarekin lotutako ibilbide bana daude. Irteerak 10:30, 11:30, 12:30, 16:00 eta 17:00 dira eta aurrez ere eska daitezke beste ordu batzuetarako.

Azkenik, Elgetan 36ko Gerrarekin lotutako ibilbide tematikoa egiteko aukera egongo da, betiere, txanda aurrez eskatuz gero. Horrekin batera, oso aintzat hartzekoa da apirilaren 27ko data, domeka, egun horretan egingo baita gudaren errekreazio historiko eta egitarau berezia egongo da.

Museoak ere zabalik

Eskoriatzako Ibarraundin, Gatz museoan eta Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatean ordutegi bereziak izango dituzte. Eskoriatzan hiru ibilaldi egingo dituzte: Zubiate labera apirilaren 17an (11:00etan gazteleraz eta 12:00etan euskaraz), 18an Elorretako errotara (11:00etan gazteleraz eta 11:45ean euskaraz) eta Eskoriatzako monumentuak ikusteko ibilaldia 21ean egingo dute  (11:00etan gazteleraz eta 12:15ean euskaraz). Leintz Gatzagako gatz museoan ere hilaren 17tik 21era bisitak egingo dituzte (12:00etan euskaraz, 13:00etan gazteleraz) eta gainerako egunetan, txanda aurrez eskatuta.

Oñatiri dagokionez Sancti Spiritus Unibertsitatea eta San Migel Parrokian ere bisitak egongo dira. Apirilaren 17an eta 19an 12:30ean eta 17:00etan eta hilaren 20an 12:30ean bisitatu ahalko dira bi monumentuok eta apirilaren 18an unibertsitatea 12:30ean eta 17:00etan egongo da zabalik.

Natura inguruneak

Monumentuez gain Arantzazu eta Arrikrutz inguruetako naturaz gozatzeko aukerak ere badaude. Arrikrutzeko kobak soilik hilaren 22an itxiko dituzte eta Arantzazuko parketxeari dagokionez, interpretazio zentroa zabalik egongo da. Ibilaldi bereziak ere egongo dituzte: pagomotzak ikusteko, apirilaren 17tik 20ra 12:00etan eta artzaintzari buruz jakiteko 17, 18 eta 19an 16:30ean. Horren guztiaren osagarri, parketxe guztian zehar dauden mendi-ibili seinalizatu eta homologatuak daude, gainera.

Eskaintza gastronomikoa

Gastronomiarekin lotuta, Aretxabaletan Mendibitzu baserri ekologikora bisita egiteko aukera apirilaren 19an egongo da, 16:00etan, eta komeni da aurrez izena ematea. Euskal artzainaren ibilbideak delako irteera ere egongo da Oñatin Gomeztegi baserrira basita batekin eta bertako jarduerak ezagutzeko. Aurrez eskatuta edozein egunetan egin daiteke bisita.

Hori guztia osatzeko gogoan izan hilaren 27ra arte Debagoieneko XVI. Jardunaldi Gastronomikoak ospatzen direla eta menu bereziak aurkitu ahalko direla jatetxe ugaritan. 

Turismo bulegoei dagokienez, hiru daude Debagoienean (Bergaran, Oñatin eta Arantzazun) eta hirurak egongo dira zabalik Aste Santuan zein Pazkokoan.

  • Bergarako turismo bulegoa: San Martin Agirre plazan, maiatzaren 4ra bitartean, astean zehar eta zapatutan 10:00 - 14:30 eta 15:30 - 19:00 eta domeka zein jaiegunetan 10:30 -13:30.
  • Arantzazuko turismo eta interpretazio zentroa: Apirilaren 27ra arte 10:00 - 14:00 eta 15:00 - 18:30.
  • Oñati: San Juan kalean, astean zehar 10:00 - 14:00 eta 15:30 - 19:30, zapatutan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 18:30 eta domeketan 10:00 - 14:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak