Oñatiko, Bergarako, Aretxabaletako, Arrasateko, Soraluzeko eta etxeko musika eskoletako kideak izan ziren musika eskolen topaketan. Eta ohiko gitarra, tronpa edo zeharkako flauta doinuez gain, izan ziren bereziagoak ere: oñatiarren idazteko makinarena, edo aretxabaletarrek txaloak eta edalontziekin egurrean emandako kolpeak konbinatuz egindakoak; hots desberdinok gitarra doinuekin-eta nahastuz, harmailetan batutako jendearen arreta eragin zuten musikariek: "Begiak ondo irekita egon dira begira neska-mutikoak", zioen Eskoriatzako Beheko Errota musika eskolako zuzendari Araceli Telletxeak.
Eskoriatzako kiroldegiko harmaila zati bat prestatu zuten emankizuna jarraitzera joandako jendearentzako. Musikarien senide eta lagunak ziren tartean, herri guztietakoak; baita Eskoriatzako jendea ere, zaharren egoitzatik joandako lagunak tartean. Telletxeak amaieran zioen ondo atera zela emanaldia.