Denis Itxaso: "Inposiziorik gabe gauzek hobeto funtzionatzen dute"

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko api. 3a, 15:32

Sozialistek Debagoieneko hondakin bilketa sistemen gaineko balorazioa egin dute Arrasaten. Salatu dute Bildu ez dela ari bailarako gizartearen iritzia entzuten eta Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako Ingurumen idazkariak azpimarratu du inposizio gabe, gauzek hobeto funtzionatzen dutela. Argi utzi nahi izan dute baita ere, bosgarren edukiontziaren sistemarekin posible dela bailaran birziklatze tasak igotzea.

Debagoieneko hondakin bilketa sistemen kudeaketari buruzko balorazioa egin dute sozialistek Arrasaten. Azaldu dute aspaldian atez atekoaren aurkako jarrera erakutsi dutela sozialistek eta orain arte bai Eskoriatzan eta baita Bergaran egin diren galdeketen inguruko balorazioak egin izan dituztela. Baina salatu dute azken boladan ikusten ari direla Bilduk ez duela entzuten Debagoieneko gizartearen iritzia. Hauxe azaldu du Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako Ingurumen idazkariak: "Bilduk ez du entzuten Debagoieneko gizartearen iritzia, posizionamendua, eskaera, eta hori behin eta berriro salatzera gatoz".

Azpimarratu nahi izan dute baita ere, Bilduk gobernatzen duen beste udalerri batzuetan bezala, Zarautz eta Donostia kasu, Debagoieneko herrietan ere bosgarren edukiontzia jartzea posible izan beharko litzatekeela. Eta gaineratu dute, euren ustetan inposizio gabe, gauzek hobeto funtzionatzen dutela: "Inposizio gabe gauzek hobeto funtzionatzen dute. Inposizioa da herritarrak kontzientziatzea uko egin dutenen bidea, inposizioa arduradun publikoen lanaren porrota da, gure burua behartu beharko genuke herritarrak kontzientziatzera, eta ez derrigortzera, ez dadin buruhauste bihurtu hain erraza den gauza bat; alegia, gure etxeetan sortzen ditugun hondakinak zuzen sailkatzea".

Arrasateko kasua hizpide

Arrasateko hondakin bilketa sistemaren kasua ere izan dute berbagai sozialistek: "Arrasaten hondakin bilketa sistema bat jarri nahi dute Damoklesen ezpatarekin. Edo bestela mehatxu honekin: ez bada data zehatz batean birziklatze tasa zehatz bat jasotzen, herritarrei atez atekoa ezarri behar diete. Erabaki hori ez da ez pedagogikoki ezta didaktikoki zuzena".

Bailarako birziklatze tasak igotzeko beharra

Hala ere, bailaran birziklatze tasak igo egin behar direla argi dute sozialistek eta Eibarreko kasua jarri dute adibide moduan, besteak beste. Esan dute eibartarren %90a baino gehiago modu boluntarioan apuntatu dela bosgarren edukiontziaren esperientziara eta soilik bi hilabetetan hondakinen bilketa selektiboa 10 puntu igo dela.

Amaitzeko, Denis Itxasok argi utzi nahi izan du, bere hitzetan erosoa den bosgarren edukiontzien sistemarekin, posible dela Debagoieneko birziklatze tasek gora egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak