Sozialistek atzo egindako agerraldiaren harira, Hondakinen Mahaiak uste du Denis Itxaso PSE-EEko ordezkariak bosgarren edukiontzian "konfiantza falta" duela: "Ematen du kezkatuta dagoela Arrasaten bosgarren edukiontzia ezarri delako, hondakinak gaika bereiztuta jaso ordez nahita nahastuta biltzeak sortzen duen kutsadurak ingurugiroan duen eraginarekin kezkatuta egon beharko lukeenean. A ze nolako konfiantza falta berak hainbeste defenditzen duen sisteman, ezta?".
Hondakinen Mahaiaren arabera, ez da onargarria alderdi sozialistaren arduradunak, edukiontzien sistemak Arrasaten arrakasta izan dezan arrasatearrak animatu eta laguntza eman beharrean, haren porrotaren alde azaltzea birziklatzearen onerako.
Mahaian parte hartu ez izana salatzen
Era berean, PSE-EEK mahaian parte hartu ez izana ere salatu dute: "Alderdi sozialistaren Arrasateko ordezkariek ez dute hondakinen mahaian parte hartu nahi izan, behin baino gehiagotan gonbidatuak izan diren arren. Hau da, ez dute euren interesen alde lan egin, mahai horretan ados jarriko ginenik ere ez zutelako espero, ziur aski. Mahai hori jarrera ezberdinen arteko eredua izan da, denon helburu bat lortze aldera: hondakinak birziklatzea ahalbidetzen duen eta arrasatearrentzat egokia den bilketa sistema bat ezartzea".
Lagundu beharrean beste eragile guztiek egindako lana kritikatu izana ere nabarmendu dute: "Ezin da inondik inora justifikatu sozialisten ordezkariek orain, lagundu beharrean, besteok egindako lana kritikatzea". Izan ere, Hondakinen Mahaia "erabat" konbentzituta dago arrasatearrak %70eko birziklatze tasara helduko direla.