2014ko bigarren seihilekoan abiaraziko dute hondakinak batzeko sistema berria Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2013ko abe. 2a, 15:02

Arrasateko Hondakinen Mahaiak akordioa lortu osteko lehen agerraldia egin du goizean. Gaikako bilketa sistema ezartzeari buruzko konpromisoa ez ezik, hondakinak kudeatzeko sistema iraunkor bat lortze aldera elkarrekin lan egiteko konpromisoa ere lortu dutela azpimarratu dute; eta gaineratu, "denok irabazteko alde bakoitzak amore ematen jakitea" izan dela giltzarria. Sistema berria 2014ko bigarren seihilekoan abiaraztea aurreikusten dute. Helburua da gutxienez gaikako bilketaren %70 lortzea, eta bederatzi hileko epea jarri dute horretarako, sistema ezartzen dutenetik kontatzen hasita.

Tokiko Gobernu Batzarrak aurreko uztail bukaeran deitu zuen Hondakinen Mahaia, helburu jakin batekin: mahai hori osatzen duten alderdi politikoen eta gizarte eragileen artean akordio batera iristea, hondakinak kudeatzeko Arrasaten ezarri beharreko sistemari buruz.

Deitutakoen artean hasieran izandako desadostasunak gainditu ostean –mahaia osatzeari buruz eta hura osatzeko aurrez jarritako beste baldintza batzuei buruz–, bigarren bileran eratu zen mahaia: Arrasate Garbi sartu zen, eta PSE-EEko eta Stop PaP-eko ordezkariek utzi egin zuten mahaia.

Honakoek osatu dute mahaia:

  • Bildu: Inazio Azkarragaurizar eta Josu Pereda.
  • EAJ: Juan Karlos Garitano.
  • Aralar: Joxe Etxeberria.
  • Ezker Anitza: Juan Luis Merino.
  • Arrasateko Zero Zabor: Andoni Loiti.
  • Arrasate Garbi: Juan Karlos Stegmeier.
  • Ekologistak martxan: Piter Encinas.

Nabarmendu dute mahaiko kideak bat etorri direla Arrasaterako lortu nahi zuten helburuan: "Birziklatze kota handienak bermatuko dituen sistema lortzea, aurreztetik eta berrerabiltzetik abiatuz; hau da, ahalik eta material baliabide gutxien xahutzea, ahalik eta hondakin gutxien sortuz, eta gaika bereiztea hondakin hori, bilketa gune bakoitzean uzteko".

Euren esker ona adierazi diete gaur egun jada hondakinak bereizten dituzten arrasatearrei eta gaineratu dute sinetsita daudela ondo erantzungo diotela akordioak ekarriko duen erronkari.

Helburuak oinarri

Premisa horrekin, hiru bilera egin ostean, iritsi ziren akordio batera, Arrasaten lortu beharreko birziklatze helburuari buruz, hura lortzeko behar zuten denboraz, eta baita ezarri beharreko bilketa sistemak bete behar zituen ezaugarrien inguruan ere.

Arrasaten egun erabiltzen den bilketa sistema aztertu zuten gero eta, "haren gabeziez jabetuta", konponbidea zela eman eztabaidatu eta ondorioztatu zuten egokitasunari eta hobekuntzari lehentasuna eman behar zitzaiola, oraingo bilketa sisteman funtsezko aldaketak eginez. Horrek ekarri zuen akordiorako oinarria, eta jarraian etorri zen akordioaren gaineko zirriborroa.

Mahaiko kideen arteko itun hori lortuta, horren berri eman zieten mahaian falta zirenei, PSE-EEri eta Stop PaP plataformari, eurak ere atxiki zitezen, baina ez zen posible izan. Edozelan ere, "sinetsita gaude geroago akordioari atxikiko zaizkiola", adierazi dute.

"Jarrera zabala"

"Azpimarratu nahi dugu hona iristeko ezinbestekoa izan dela denok jarrera zabalaz jokatzea. Negoziazioaren giltzarrietako bat izan da denok irabazteko alde bakoitzak amore ematen jakitea eta horrek ahalbidetu du akordio agiri hau gauzatu izana", azaldu dute.

Gaikako bilketa sistema ezartzeari buruz ez ezik, Arrasaten hondakinak kudeatzeko sistema iraunkor bat lortze aldera elkarrekin lan egiteko konpromisoa lortu dutela nabarmendu dute, eta beste helburu batzuk lortzeko jarraitu beharreko eredua dela gaineratu: "Uste dugu hau dela jarraitu beharreko bidea eta aukera hau baliatu nahi dugu lan egiteko modu hau azpimarratzeko, eta ahalik eta zabalkunde eta oihartzun mediatiko handiena emateko, antzeko egoeretan ere eredutzat hartu dezagun".

Hondakin organikoak bereiztea

Sistema berria 2014ko bigarren seihilekoan abiaraztea aurreikusten dute, eta edukiontzi berdearen ordez bi edukiontzi izango dituzte, sarbide kontrolarekin –oraindik zehazteke dago txipa edo kontrolerako beste ze sistema erabiliko duten–: bata organikoa biltzeko eta bestea errefusa biltzeko. Hondakin organikoak bereizita biltzea da, hain justu, sistema berriaren hobekuntza nagusienetako bat.

Funtsezko aldaketak eginez, oraingo bilketa sistema egokitu eta hobetuko dute; behar diren edukiontziak jarriko dituzte herriko leku esanguratsuetan eta lurrazpiko edukiontziak ere operatibo egongo dira.

Auzo-konposta akordiotik kanpo geratu da, oraingoz.

Informazio kanpainak

Beharrezko prestakuntza eta informazioa emango dituztela iragarri dute, eta gai honetan bikain dabiltzan udalerrien esperientzien berri ere emango dutela gaineratu. Asmoa da, sistema berria ezarri arte, hainbat informazio, prestakuntza eta sentsibilizazio kanpaina egitea, eta horietan, Hondakinen Mahaiko kide guztiek hartuko dute parte, "garbi dugulako zein garrantzitsua den jarrera bateratua sustatzea arrasatearren artean, apurka-apurka hondakinen birziklatze kota handiagoak lortzeko".

Akordioa, puntuz puntu

Lortutako akordioa Udalbatzarraren iritzipean jarriko dute hurrengo osoko bilkura batean. Hemen, osorik:

"LEHENA.- Hona hemen zer erabaki dugun, Arrasaten hondakinak kudeatzeko zerbitzua gidatu behar duten helburuak hauek izango direla:

-    Gutxienez gaikako bilketaren %70 lortzea.
-    Aipatu helburua lortze aldera, 9 hileko epea jarri dugu, sistema ezartzen dugunetik kontatzen hasita.

BIGARRENA.- Erabaki dugu, aipatu helburuak betetzeko erabili beharreko sistemak bete behar dituen ezaugarriak hauek izango direla:

-    Bizilagunak ez ditu nahastuko hasieran hemen aipatzen ditugun hondakinen zatikiak, eta nahitaez utziko ditu bereizirik bilketa zerbitzuan: Organikoak, paperak eta kartoia, ontzi arinak, beira, hondar zatikiak, ehunak eta etxeko olioa, bai eta gainerako zatikiak ere (hondakin arriskutsuak, bolumen handiko objektuak, AEEHak, eta abar). Jarduteko era hori ahalbidetzen duen sistema bat aukeratu behar dugu.

-    Belaunaldiko Ordainketa (BO) izenekoa aplikatzea, edo beste era batez esanda, fiskalitate ekologikoa. Uste dugu eremu batean baino gehiagotan ezarri daitekeela (udalerrian, auzoan, etxe multzoetan, atartean eta etxebizitzan), eta gure borondatea denez sistema zuzen baten alde egitea, Belaunaldiko Ordainketa ezarriko dugu ahalik eta eskala edo eremurik txikienean.

HIRUGARRENA.- Hondakinen gaikako bilketa sistema herrigunean edo hiri eremuan ezarriko dugu hasieran, edukiontzien bidez, sarbide sistema kontrolatu batez.

Aipatu sistema ezarri eta gero, hartarako eratuko dugun jarraipen batzordeak, Hondakinen Mahaira deitutako partaideek osatuko dutena, 9 hileko epean zer emaitza lortu dugun ebaluatuko du.

Bederatzi hileko epe horrek ere hiru aldi izango ditu:

-    Sistema ezarri eta 3 hilera, gaikako bilketaren emaitzak aztertuko ditugu, eta aurrez jarritako emaitzak lortzen ez baditugu, bidezkoak diren zuzenketa neurriak ezarriko ditugu.

-    Beste 3 hilabete igarotakoan, aurrez jarritako emaitzak lortzen ez baditugu, berriro ere beste zuzenketa neurri batzuk ezarriko ditugu, hala badagokio.

-    Azkenik, beste 3 hilabete igarotakoan, gaikako bilketaren emaitzak ebaluatuko ditugu. Aurrez jarritako emaitzak lortzen ez baditugu, edukiontzien sistema baliorik gabe geratuko da.

Edukiontzi kontrolatuen sistema ezartzeak ekarriko du berekin oraingo edukiontzi berdea kentzea, eta era berean materia organikorako baino ez den edukiontzia (marroia) eta errefusa zatikirako baino ez den beste edukiontzi bat jartzea.

Adostutako helburua hasieratik lortzen badugu, edo aipatu 9 hilabete horietan, baliozkotzat joko dugu sistema, eta gaikako bilketa zerbitzua sistema horren bidez egiten jarraituko dugu. Hala izan ezean, edukiontzien sistema ezartzen dugunetik hasita 9 hilabete igarota lortzen ez badugu gaikako bilketaren %70eko helburua, baliogabetzat joko dugu edukiontzien sistema, eta hondakinen bilketa zerbitzua, Arrasateko hiri eremuan, Atez Ateko sistemaren bidez egingo dugu.

Industria, merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza eremuetan, eta baserri eremuetan, jarduteko erari buruz, tokiko gobernu taldeak egindako irizpideen arabera jokatuko dugu, Hondakinen Mahaian azaldu zituelarik 2013ko urriaren 2an, akordio honekin batera datorrena erantsita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak