"Zor duzuna ordaindu", eskatu diote Ausolani

Irati Goitia 2014ko api. 2a, 15:12
Ausolan Taldeak, eskola publikoetako jantokietarako kontratatuta dituen langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Arrasateko Ausolanen egoitzaren aurrealdean.

"2008-2009, 2009-2010, 2010-2011 ikasturteetan gure hitzarmenaren alde grebak egin genituen. Bada, enpresek soldatatik dirua deskontatu ziguten greben ondorioz, baina deskontu doblea egin ziguten. Hau da, bat legeak dioena eta bestea oporrei zegokiena. Ez geunden ados, legeak dioelako oporretatik ezin dela dirua kendu. Beraz, salaketa jarri genuen epaitegietan. Gure alde irten du sententziak, baina enpresak ez digu ordaindu. Horregatik gaude hemen: gurea dena ordain dezatela eskatzeko", adierazi du Maribel Alberdi, Gipuzkoako Ausolaneko komiteko LABeko ordezkariak.

Komitetik gaineratu dute sektoreko gainerako enpresek sententzia bete eta euren langileei zor zietena ordaindu dietela, baina Ausolan Taldeak eta Goñi enpresak ez dutela horrelakorik egin.

Mobilizazioak

Bestalde, enpresarekin konponbide batera iristeko ahaleginak egin dituztela ere adierazi dute, baina ezinezkoa izan dela gaineratu. Hain zuzen, gaur goizeko elkarretaratzean zeudenean ere, ezustean, enpresatik dei bat jaso dute. Eta hala, komiteko bi lagun barrura sartu eta enpresako ordezkariekin batu dira. Orduantxe esperantza piztu da langileen artean, baina komiteko bi kideak irten direnean, gauzak berdin jarraitzen duela jakinarazi dute.

"Ez da bilera izan dugun lehen aldia izan. Mobilizatzen hasi aurretik, behin eta berriz, saiatu gara hau modu onean konpontzen. Beti esan digute itxaroteko eta konponduko dela, baina urte asko pasa dira eta deskontu gehiago jasan ditugu. Ondorioz, mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen, zor diguna ordaintzeko eskatzeko", gaineratu du Alberdik.

Hurrengo astean, apirilaren 11n, Bizkaian dagoen Goñi enpresaren aurrean egingo dute elkarretaratzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak