Adinekoak bizi diren 320 etxetan su detektagailuak jarriko dituzte Bergaran

Txomin Madina Milikua 2014ko api. 1a, 21:21
Bergarako Udalak suteen prebentziorako programa jarriko du martxan, eta programa horren barruan, 320 su detektagailu jarriko dituzte bakarrik edo 65 urtetik gorako pertsonekin bizi diren 83 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan.

SOS Deiakek emandako datuen arabera, etxeko istripuen %80 suteen ondorio dira, eta horien erdia, adineko pertsonen etxeetan gertatzen da. Hori horrela, Bergarako Udalak suteak prebenitzeko programa bat jarriko du martxan, batez ere adineko pertsonetara bideratuta.

Hala, 320 su detektagailu jarriko dituzte bakarrik edo 65 urtetik gorako pertsonekin bizi diren 83 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan. Pertsona horien bizilagunendako onuragarria dela ere esan dute Bergarako Udaleko ordezkariek eta zerbitzua esleitu zaion A tiempo enpresakoek. Azken hauek Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udalekin egiten dute lan era honetako zerbitzuetan, tartean, Oñatikoarekin.

Hiru fase

Programa garatzeko zerbitzua ez da su detektagailuak jartzera bakarrik mugatuko, hiru fase izango ditu-eta. Hala, lehenengo fasean etxez etxe joango dira dira etxebizitza bakoitzaren arriskuak identifikatzeko. Bigarren fasean, suterik balego zer egin azaltzeko eskuliburuak banatuko dituzte, etxe eta pertsonaren araberako jarraibide konkretuak emanaz. Detektagailuak fase honetan jarriko dituzte. Hirugarren eta azken fasean, etxebizitzaren krokisa egingo dute, larrialdiak daudenean ebakuazio lanak antolatzeko.

Programak denera, 50.000 euroko aurrekontua du. Aste honen bukaeran edo datorrenaren hasieran hasiko da Udala zerbitzua eskainiko zaienekin harremanetan jartzen. Asmoa da apirila erdi aldean bisitekin hastea, eta ekaina erdirako edo amaierarako lanak amaituta izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak