Oñatin Lege Soziologia Institutua dago eta bertan Lege Soziologia masterra eskaintzen da, liburutegi oso garrantzitsu bat ere badago, besteak beste. Baina jende askok ez daki ondo hori guztia zer den, zertarako balio duen eta zein garrantzia daukan.
Bada, herriko hiru ikastetxeetako batxilergoko 160 ikasle inguruk hori guztia gertutik ezagutzeko aukera izan dute goizean bertan egin duten hitzaldiarekin. Helburua izan da Lege Soziologia Institutua ezagutaraztea.
Institutuan eskaintzen duten masterra egiten gaur egun mundu osoko ikasleak daude: Nigeria, Ipar Amerika edota Indiakoak, esaterako. Eta lege soziologia zer den ulertzen lagundu diete Oñatiko ikasleei gaurko hitzaldiarekin. Azaldu diete legea egiteko beharrezkoa dela gizartea ezagutzea, eta laburbilduz, hori dela lege soziologia.
Hizlari moduan hauek izan dira: zuzenbidean doktorea den eta Lege Soziologia masterreko ikaslea izan zen Larraitz Ugarte, antropologian doktorea den Jose Antonio Azpiazu, masterra egin zuen Iker Barbero eta zuzenbidean doktorea den Adam Czarnota poloniarra.