Tanttakaren 'Zazpi aldiz elur' ikuskizuna, Mikel Laboa gogoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko ots. 26a, 15:03

Mireia Gabilondo aktoreak Laboari buruz hitz egiteko zeukan gogoagatik sortutakoa eta askotariko osagaiak (poesia, musika, antzezpenak, bideo-proiekzioak...) dituen ikuskizuna da, 'Zazpi aldiz elur'. Egubakoitzean, Oñatiko Santa Ana antzokira ekarriko dute; 10 eurotan daude www.barrabarra.eu atarian sarrerak salgai. Apirilaren 13an, berriz, Arrasateko Amaia Antzokian izango dira; sarrerak Amaia Antzokian eta Arrasateko Udaleko webgunean eskura daitezke.

Gertuko laguna eta artista erreferentea izan da beti Bergarako Mireia Gabilondo aktorearentzako, Mikel Laboa. Sarritan erabili ditu haren hitzak eta kantuak.

Laboa oinari, elurra irudikatuz

Bernardo Atxagak Mikel Laboaren omenez 2009an Erleak aldizkarian idatzitako artikulua du abiapuntu. Zazpi atal ditu, elurra hari moduan hartuta:"Mikel hil zenean, elurra ari zuela-eta elurrak daukan ukitu poetikoarekin hasten gara. Mikel haurrekin lan egiten zuen psikiatra bazela erakutsiko dugu hurrengoan. Laboarentzako horren garrantzitsua zen humoreari beste atal pare bat eman dizkiogu, zine komikoa eta maite zuen Cantinflas aitzakia hartuta. Txoriei buruzko atala ere badago eta baita heriotzarekin lotutakoa ere" azaldu du bergararrak.

Laboaren kantuak oinarri dituen ikuskizun intimista da, publikoarekin hitz egiten badute ere. "Testuek, kantuak eta interpretazioek daukate gidoian pisua; horiek guztiak, irudiz jantzita, besteak beste, Zumeta margolariak egindako Mikelen irudiaren marrazkiekin. Kantu batzuei hitzak kendu dizkiegu eta beste batzuei, berriz, erantsi edo beste osagai batzuk gaineratu dizkiegu. Antzerkia ere badago baina oso estilizatua dagoela diot nik; taularen gainean gauden bost interpretek, denetik egiten dugu, denon artean sortzen ditugu ikuskizuneko uneak" dio Gabilondok.

Iñaki Salvador, Angel Unzu, Maria Berasarte, Iñaki Rikarte eta Mireia Gabilondo dira protagonistak.

Bost interprete: bi musikari, bi aktore eta abeslaria

Ideia sortu zitzaion momentutik jo zuen Gabilondok Salvadorrenegana, aurretik lan asko egindakoak zirelako elkarrekin baina, bereziki, urtetan Mikeli lagundu zion musikaria zelako. Mikel Laboaz berba egiteko gitarraren soinua ezinbestekoa zuela-eta Angel Unzuri proposatu zion taldera gehitzea gero.

Urtetan Portugalen ibilitakoa den Maria Berasarteren ahots pertsonal eta politagatik ekarri zuen taldera abeslari donostiarra; bide batez, Laboaren fadoa gidoian sartutzeko aitzakia lortuz horrela. Bi aktorerekin lan egitea gura zuen eta aurrez beste lan batzuetan elkarrekin jardun zuten Iñaki Rikarterengana jo zuen segituan.

Mireia Gabilondo (aktorea): "Asko lagundu zidan profesionalki eta baita heziketa pertsonalean ere"

Mikel Laboak utzi dion hutsunea irensteko urte batzuk behar izan dituela dio Gabilondok. Beharrezko denbora pasata, haren omenezko ikuskizuna sortu du orain.

Nor zen Laboa zuretzako?

Oso artista handia. Haren ausardia ekarri dugu, besteak beste, ikuskizunera, haren kantu luze eta bereziak oinarri hartuta.Ez nuke baina, kantu esperimentalengatik goraipatuko bakarrik, baita guztiok kantatzen ditugun kantu herrikoiak oholtzara eraman zituelako ere.  

Asko lagundu zizula diozu.

Bai; hala da. Sarritan sartu ditut Mikel Laboaren kantuak nire lanetan. Zerbait eskatzen genionean, beti baiezkoaz erantzuten zuen. Gogoan dut Hnuy illa ikuskizunerako esateko, guretzako espresuki kantu batzuk grabatu zituela; sekulako altxorra da hori beste inon argitaratu gabeko kantuak dira-eta. Txikitatik entzun izan dut; gauza asko erakutsi zidan bere musika eta kantuekin. Nire heziketa pertsonalean oso inportantea izan da.

Harreman zuzena izan zenuten, beraz.

Bai, harreman polita genuen, Oso isila zen, ni ere ez naiz oso berritsua, komunikazio berezia genuen. Azkeneko urtetan elkarrekin zerbait egiteko asmotan genbiltzan, haren kontzertuei beste kolore bat eman nahian, ez genuen ezer egin azkenean baina.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak