Mondragon Taldeak ez du parte hartuko Konforteko negozioen bideragarritasun planean

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 14a, 19:40

Bergarako Geyser-Gastech lantegiko fatxadaren argazki bat.
Taldetik hedabideetara igorri duten oharrean azaltzen dutenez, uste dute ''nekez'' mantendu daitekeela jardueren errentagarritasuna denboran zehar. Gaur bertan hartu du Kontseilu Orokorrak erabakia, eta berau arrazoitzeko, Taldeak berak egindako behin betiko azterketa eta kanpoko eragile batek egindako txostena aipatzen dituzte.

Txosten horren arabera,  sustatzaileek aurkeztu duten planak zalantzak planteatzen ditu epe ertainera eta luzera bideragarritasuna mantentzeari dagokionez.

Hemen, oharra, osorik:

"Basauriko (Bizkaia) eta Bergarako (Gipuzkoa) plantetatik Fagor Etxetresnetako Konforteko negozioei buruzko bideragarritasun proiektu bana jaso ondoren, eta horietako sustatzaile taldeekin lankidetzan arituz, proiektu biak aztertu eta landu ditu Mondragon Korporazioak.

Proiektua "aztertzen inplikatu"

Mondragon, prozesu honetan zehar negozio horietarako proiektu bakar bat antolatzeko zailtasuna baieztatu duelarik, aipatu azterketan inplikatu da, sustatzaileei enplegurako alternatiba bideragarriak bilatzen laguntzeko helburuarekin. Aitzitik, bideragarritasun planen inguruan berak egindako behin betiko azterketaren zein kanpoko kontrastearen ondoren, gaur elkartu den Kontseilu Orokorrak proiektuan parte ez hartzea erabaki du.

Korporazioaren eskariz kanpoko eragile independente batek egin duen IBR txostenaren arabera (Independent Business Review), sustatzaileek aurkeztu duten planak zalantzak planteatzen ditu epe ertainera eta luzera bideragarritasuna mantentzeari dagokionez.

Beharrezko indargune lehiakorra bermatzeko zailtasuna adierazten du txostenak, ziurgabetasuna azaltzen baita salmenten, prezioen eta kostuen murrizketa mailari buruzko helburuekiko. Gainera, gakoak diren kanpo baldintzak sustatzaileen erabaki eremutik at daude.

"Sektore oso-oso lehiakorra"

Arrazoi nagusiak dira sektorea oso-oso lehiakorra dela, kontzentrazio maila handi dagoela, eta estatuko merkatua erabat ahulduta eta oso baldintzatuta dagoela, bilakaera teknologikoagatik, kostuen efizientziagatik eta merkatuaren exijentziengatik, produktuei eta fabrikazio prozesuei dagokienez.

Korporazioaren iritziz, planaren azterketan oinarrituta, negozioaren errentagarritasuna nekez mantendu ahal izango da ingurune sektorial lehiakor horretan, eta ezin dakioke aurre egin planteatu den moduan.
Halaber, bere iritziz, sektorean lehiakorra izateko beharrezkoa da enpresa talde handi babesa izatea, eskariaren eta jardueraren maila jakin bat mantentzeko, eta merkatuan lidergoa izateko.

Mondragon Korporazioaren rola

Korporazioak Fagor Etxetresnetako jarduerarik errentagarrienentzat irtenbideak bilatzen laguntzeko borondatea eta konpromisoa izanik, ekimen horiei eman zaien babes korporatiboa izan da aurkeztutako proiektuen bideragarritasuna aztertzea eta kontrastatzea, eta proiektua finantzarioki babestea, betiere enpresa proiektu partekatua eta lehiakorra izatekotan. Korporazioa bere historian zehar horrela aritu izan da.

Mondragonek jarraitu egingo du bere ahaleginak soberan dagoen enplegu estrukturalerako irtenbideak sustatzera bideratzen, elkartasunezko neurrien bitartez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak