Egitaraua herririk herri

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 4a, 07:00

Bergarar talde bat Santa eskean.
Zapatuan Aramaion eta domekan Oñatin motorrak berotu eta gero, kopla eta dantzak Debagoieneko hamaika bazterretara zabalduko dira gaur, Santa Ageda bezperan. Albiste barruan, hitzorduak, herririk herri.

Aretxabaleta eta Eskoriatza

Santa Ageda bezpera eta kintoak eskutik hartuta datoz, urtero moduan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan: lehenengoan 1995 urtean jaiotako 30 neska-mutil inguru aterako dira koplak abestera; eta bigarrenean, 1996ko 24 gazte. Egunsentian herriko plazetan geratu eta kantuan ibiliko dira, baserriz baserri.

Kintoak baserrietatik ibiltzeaz gain, Aretxabaletan kantaldia egiteko ohitura dute arratsalde partean herriko abesbatzako kideek, Leizarra Musika Eskolako 40 bat neska-mutikoekin batera. 18:30ean egin dute hitzordua, Herriko Plazan. Handik herriko zaharren egoitzara joango dira, eta Gernika plaza, Iralabarri, Mitarte eta Durana kaleak zeharkatu ostean, plazara bueltatuko dira. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldi horretan parte hartzera.

Bihar, berriz, Santa Ageda egunez, kalean gora eta behera ibiliko dira kantuan herri bietako kintoak; eta urtero moduan, 19:00etan, neska-mutil talde bakoitzak dantza egingo du bere herriko plazan. Egun horretan irtengo dira kantuan Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako gaztetxoak ere: kalez kale ibiliko dira, 09:30etik 12:00etara.

Antzuola

Antzuolan ere irtengo dira kintoak kantuan egitera. 06:00etan elkartuko dira eta egun osoz jardungo dute abesten herriko baserri zein kaleetan barrena. Eta Anelkarreko kideek ere ez dute urteroko hitzorduan hutsik egingo: 18:30ean egin dute zita Herriko Plazan, kale eta txoko guztiak kantuz girotzeko asmoz.

Elgeta

Elgetan, Herri Eskolako umeak irtengo dira kantuan. 15:00ak aldera abiatuta eta baserritar jantzita, koplak abestuko dituzte Uruburun, San Roke kalean, Salbador kalean, Torrealdean eta herriko plazan. Giro txarra bada, frontoi zaharrean eta udaletxeko arkupean abestuko dituzte koplak.

Arrasate

Arrasaten, hauxe da Santa Ageda Abesbatzak gaurkorako prestatu duen egitaraua: 08:00etan San Juan Bataiatzailea parrokian elkartuko dira, David Artzamendiren omenezko mezan abesteko, eta gero bi talde egingo dituzte: bata Bedoñara joango da eta bestea, berriz, Zigarrolara. Goiz osoa baserriz baserri kantuan igaro ostean, 14:00etan udaletxean elkartuko dira. Udaletxeko eskaileretan egingo dute, urtero legez, bazkalaurreko azken saioa.

Udaletxeko kantaldiaren ostean, Leintze elkartean bazkalduko dute. Arratsaldean bi talde egingo dituzte berriro: batzuk Gesalibar auzora joango dira eta besteak Uribarri eta San Andres inguruan ibiliko dira.

Iluntzean, 19:00ak aldera, Portaloian elkartuko dira azken saioa egiteko. Alkartetxean egingo duten afariarekin (21:30-22:00) borobilduko dute eguna.

Arrasate Herri Eskolan, Bedoñaben, 4-5 urtekoak udaletxera joango dira abestera –bertan izango dira 10:30 alderako. Erguinen, berriz, 3. eta 4. mailetakoak auzotik irtengo dira; 10:30 inguruan atera eta pare bat orduz ibiliko dira kantuan.

Arizmendi Ikastolari dagokionez, Olartekoak Iturbide egoitzara joango dira 10:00etan bertakoekin kantuan egitera. Arratsaldean, berriz, 15:45ean, Gazteluondokoak Herriko Plazara joango dira eta bertan Santa Ageda Abesbatzarekin abestuko dute.

Bergara

Bergaran, askotariko taldeak irtengo dira kantuan: Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte, esaterako, Alai taldeak, San Josepe erretiratu elkarteko kideek eta ikastetxeetako neska-mutiko eta gurasoek.

Mariaren Lagundia ikastetxean, Haur Hezkuntzakoak kalera irtengo dira, 10:30ean; Lehen Hezkuntzakoak, 11:00etan; eta DBHkoak, arratsaldean, 18:30ean.

Aranzadi ikastolako txikienek 15:00etan hasiko dute saioa; eta 19:00etatik aurrera, DBHko neska-mutikoen eta gurasoen txanda izango da.

San Martin ikastetxean ere bat egingo dute Santa Ageda bezperako ohiturarekin. 15:15ean patiora jaitsi eta ikasle guztiek elkarrekin egingo dute kantuan eta, ostean, talde ezberdinetan banatuta, ibilbide ezberdinak egingo dituzte: Haur eta Lehen hezkuntzetakoak poligono inguruan ibiliko dira eta antzerako ibilbidea osatuko dute –zaharren egoitza, ziburuak, plazatxoa...–; 2. ziklokoek frontoian eta Oxirondo plazan abestuko dute; eta 3. ziklokoek, Simon Arrietan, Herriko Plazan eta Oxirondon.

Aramaio

Aramaion, pasa den zapatuan lehen saioa Ibarran egin eta gero, Barajuen auzoaren txanda izango da gaur; Gantzagan, Uribarrin eta Azkoaga-Zabolan, berriz, otsailaren 8an irtengo dira kantuan egitera.

Baina San Martin Eskolako neska-mutikoei esker, herriko txoko guztietara helduko dira gaur koplak. Izan ere, eskola osoa irtengo da eskean 09:00etan eta Lehen Hezkuntzakoen –5 urtetik gorakoak– maila bakoitza auzo batera irtengo da eskean. Ia auzo guztietara ailegatuko dira.

Oñati

Oñatin, azken hilabeteetan entseatzen ibili eta gero, domekan irten ziren Santa eskean 1996an jaiotako neska-mutilak. 08:00etan batu ziren Foruen plazan, eta trikitixaren doinua lagun zutela eta makilen erritmoa jarraituz, herrian barrena ibili ziren Santa Ageda koplak abesten 85 bat lagun. Datorren zapatuan berriz aterako dira, eta landa-guneetako auzoetara joango dira abestera.

Gaur, berriz, Santa Ageda bezperan, ikastetxeetako neska-mutikoen txanda izango da:

Elkar Hezi ikastetxean 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak irtengo dira kantuan (Haur eta Lehen hezkuntzetakoak). Ondorengoa izango da ibilbidea: eskola, Kale Goiena, Patruekale, Santa Marina, Lope de Agirre, Foru Enparantza, Kale Barria, Ramon Irizar, Errementeri plaza eta eskola. Asmoa da 10:15ean gimnasioan elkartu eta 10:30ean irtetea. Santa Marinan eta Foruen Enparantzan, bina kalejira dantzatuko dituzte, gelaka.

Txantxiku Ikastolan, LHko ikasleak irtengo dira ohiko koplak abestera. 10:45ean ikastolako patioan hasiera emango diote kalejirari eta, ondoren, Kale Zaharrean eta Kala Barrian barrena bueltatxoa emango dute. 11:45-12:00ak aldera, ikasleak kontzejupera hurbilduko dira eta bertan alkateari eurek prestatuko koplak abestuko dizkiote; kopla horiekin hainbat eskaera bideratzeko asmoa dute.

Errekalde Herri Eskolakoak ere ariko dira kantuan. Errekalde auzoan barrena ibiliko dira, 15:00etatik 16:15era arte.

Erlazionatuak

Santa Ageda bezpera Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014 ots 05 Elgeta

Antzuolan ere kantuz girotu zituzten kaleak

Ane Miren Etxeberria 2014 ots 05 Antzuola

'Santa Ageda bezpera degu...'

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 04

Oñatiko neska-mutikoak santa eskean

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 04 Oñati

Bergarako Mariaren Lagundikoak kantuan

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 04 Bergara

Arrasateko Santa Ageda Abesbatza

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 04 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak