Iragarri moduan 15:00ak aldera irten ziren Herri Eskolako umeak Santa Ageda bezperako koplak abestera. Uruburun, San Roke kalean, Salbador kalean, Torrealdean eta Herriko plazan abestu zuten. Baserritar jantziak soinean eta nagusienen txirula doinuek lagunduta koplak eskaini zituzten han eta hemen.
Baserriz baserri
Eskolarekin koplak abestu ostean, seigaren mailako neska-mutikoak Larrabiltzearra auzoko baserrietara hurbildu ziren. Santa eskean aritu ziren baita ere San Juan erreka inguruko baserrietan eta herriguneko hainbat etxetan.
Gaur goizean pozik zegoen neska-mutiko taldea. Baserritarrek ondo hartu zituztela eta ikas-bidaiarako dirutxo bat atera dutela esan dute.