300 lagunek egin dute bat Debagoieneko Gure Esku Dago lantaldeek gaurko prestatutako ekintzarekin. Goizeko 9:00etan abiatu dira aurrenekoak Bergaratik, eta 9:30etan oñatiarrak eta antzuolarrak. Guztiek leku bera zuten helburu: Lizargarate, hiru herrietatik hel daitekeen mendi ingurunea.
Eguraldi ona lagun, gehienek oinez egin dute herrietatik Lizargarate arteko bidea; autoz eta bizikletaz ere joan dira batzuk. Lizargarateko elkarte aurrealdera 11:00ak aldera joan dira iristen hiru herrietatik oinez abiatutako lagunak, bakoitza bere bidetik. Bertan egin dute bat, eta salda eta txistorra izan da guztientzat. Baita trikiti doinuak ere.
Eguerdiarekin batera, berriz, adar eta txalaparta hotsekin, giza katea egin dute elkarte aurreko zelaian; 300 laguneko giza katea mendian, askotariko jendearekin: heldu, nagusi, ume, gazte, gizon zein emakume. Giro ederra izan da: trikitixa aprobetxatuz, eta eskuak elkarri emanak zituztenez gainera, kalejira jendetsua inprobisatu dute baita ere. Familia argazkia ere atera dute. Dena erabakitzeko eskubidearen alde, eta ekainaren 8ko Durango eta Iruñea arteko giza katerako motorrak berotze aldera.