Mankomunitateko gobernuaren idatzia, hitzez hitz:
"Historiako aurrekonturik altuena Debagoienan ekonomia eta enplegua sustatzeko.
Debagoienako Mankomunitateak 1.561.138,67 euro bideratuko ditu Garapen Agentziara eta iazko bikoitza baino gehiago erabiliko du proiektu berriak sustatzen.
EAJ-PNVk Debagoieneko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuei buruz atera duen prentsa oharraren harira, eta sortu ahal izan duen nahasmena argitzeko, Debagoiendarrei azalpen zuzen bat ematera gatoz:
Lehenik eta behin, azpimarratu gura dugu Debagoieneko Mankomunitatea osasuntsu dagoela eta ez duela inolako arazo ekonomikorik. 2012ko emaitzak positiboak izan ziren, 3.197.750 eurokoak eta 2013ko emaitzak ere positiboak izango direla aurreikusten dugu. Halaber, 2014ko aurrekontuak orekatuta daude eta Mankomunitateak finantzaketa plana aurkeztu du aurrekontuekin batera. Esan, aurten eskualdeko ekonomia eta enplegua sustatzeko 1.561.138 euro bideratuko direla, iaz baino 612.946 euro gehiago eta 2012an baino 714.133 euro gehiago.
Aurten Udalek Ingurumen sailerako egiten duten ekarpena %10 igo da eta %47 Mankomunitateko Garapen Agentziarako; eskualdeko ekonomia eta enplegua sustatzeko, alegia. Horrez gain, lortu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak 406.000 euro bideratzea xede horretarako.
Esan, gainera, Debagoieneko Mankomunitateak elkarlanean diharduela eskualdeko beste zenbait eragilerekin Debagoieneko eraldaketa soziala eta ekonomiko-enpresariala bultzatzeko. Horretarako sortu zen 2012an Eskualdeko Foro Sozioekonomikoa, Garapen Agentziak foro honen baitan funtzionatzen du eta bertan onartzen dira eskualderako egokienak diren proiektu ekonomikoak. Hauek dira, Mankomunitatearekin batera, Eskualdeko Foro Sozioekonomikoan lanean diharduten eragileak: Mondragon Taldea, Mondragon Unibertsitatea, ELA, LAB, Lanbide Heziketako eskualdeko ikastetxeak, UNED, Bagara, MIK, Gureak, Emaús eta eskualdeko herri guztietako merkatari elkarteak.
2014an Garapen Agentziak guztira bederatzi zerbitzu eta proiektu gauzatuko ditu eskualdeko enplegua eta ekonomia sustatzeko:
Debagoiena eraldatzen
Mankomunitateak eskualdeko beste eragile batzuekin batera Debagoieneko eraldaketa soziala eta ekonomiko-enpresariala bultzatzeko 7 proiektu ezberdin burutu behar ditu. Aurreikusten den kostea 337.268 eurokoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 301.069 eurokin lagunduko du proiektua, Udalen ekarpena 21.724 eurotakoa izango da eta gainontzekoa proiektuotan parte hartuko duten eskualdeko agenteek jarriko dute.
Proiektu estrategikoak
Eskualdeko ekonomia sustatzeko, dibertsifikatzeko, nazioartekotzeko eta langabetuen prestakuntza hobetzeko zenbait ekimen proposatzen dira, guztira 140.000 euroko aurrekontuarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu hauek burutzeko 105.000 euroko diru-laguntza emango du eta, beraz, Udalen ekarpena 35.000 eurotakoa izango da.
Lanbide orientazioa
Langabetuei zuzendutako lan orientazio eta enplegu zentroko zerbitzua. Aurreikusitako kostea 45.626 eurotakoa da. Lanbidetik jasotako diru-laguntzarekin finantzatzen dira zerbitzu honetako gastu guztiak, beraz, ez dago Udalen ekarpenik.
Ekintzaileen sustapenerako programa
Ekintzaileak diren edo izatea nahi dutenei zuzenduta dago programa. Lanbidek ekintzaile horien dedikazioa diruz laguntzen du Mankomunitateari emandako diru-laguntza baten bitartez: 19.500 eurotako diru-laguntza. Mankomunitateak, bere teknikarien bitartez, aholkularitza profesionala eta prestakuntza ematen die aipatutako ekintzaileei. Lanbidetik jasotako diru-laguntzarekin finantzatzen dira ekintzaileei emandako diru-laguntzak, beraz, ez dago Udalen ekarpenik.
Enplegu planeko kontratazio laboralak
Eskualdeko Udalek enplegua sustatzeko aldi baterako 32 kontratu laboral egingo dituzte. Kontratu horien kostea finantzatzeko 307.110 euroko diru-laguntza bat emango dio Lanbidek Mankomunitateari eta honek aipatutako kontratuen kosteak estaltzeko transferentziak egingo dizkie udal ezberdinei. Lanbidetik jasotako diru-laguntzarekin finantzatzen dira proposatutako kontratazioak, beraz, ez dago udalen ekarpenik. Dena den, udalek egindako kontratuen kosteek Lanbidek emandako diru-laguntzak gainditzen badituzte, gainontzeko kostu horiek Udal bakoitzak finantzatu beharko ditu.
'Ikasiz Goiaz'
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ikasten duen Lurraldea 2013ko deialdiaren barruan egindako eskaerari erantzuten dio programa honek. Horrela, Mankomunitateak eta Goiaz Foroa osatzen duten Lanbide Heziketako ikastetxeen artean Goiaz! Lanbide Heziketari buruzko azoka eta beste ekintza batzuk burutuko dituzte 2014. urtean 14.501 euroko kostearekin. Foru Aldunditik jasotako diru-laguntzarekin finantzatzen da Ikasiz Goiaz programa, beraz, ez dago Udalen ekarpenik.
Lanbide hastapena
Atal honen barruan Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa eta Eskolatze Osagarria garatzen dira. 2014rako aurrekontua 400.529 eurotakoa da. Guztira 59 gazte aritzen dira programa ezberdinetan eta programen kudeaketa Arizmendi Ikastolak egiten du. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen dituen diru-laguntzak aurten ere murrizketak jasan dituzte, guztira 319.746 eurotakoak izango dira. Ondorioz, Udalen ekarpenak handituko dira eta guztira 80.783 eurotakoak izango dira.
'Valora' programa
Programaren helburua enpresa txiki eta ertainei zerbitzuak ematea da. Debagoieneko enpresen gida, kudeaketa diagnostikoak, arlo ezberdinetako prestakuntza, lehiakortasun diagnosiak eta antzeko ekimenak burutzen dira. Gastuen % 50a Europako Gizarte Funtsak finantzatzen ditu, gainontzekoa udalen ekarpenekin finantzatzen da. 2014rako 106.586 euroko aurrekontua onartu da.
Aurreko urteetan udalen ekarpenak handiagoak izan direnez, aurten 21.622 eurotakoak izango dira. Aurrekontua finantzatzeko gainontzeko 84.964 eurotako kopurua EGFtik etorriko da.
Turismoa
Turismoko atalean Arantzazuko eskualde turismo bulegoa kudeatzeaz gain zenbait ekimen bideratzen dira, besteak beste; Teknologi berrien egitaraua, Jardunaldi Gastronomikoak, Artzaien Lantaldea, Jatetxeen Lantaldea, Alojamentuen Lantaldea, Txakolin Lantaldea e.a. 2014rako aurrekontua 309.619 eurotakoa da. Jaurlaritzatik, Foru Aldunditik eta beste erakunde batzuetatik jasotako diru-laguntzak 143.900 eurotakoak izango dira, beraz, Udalen ekarpenak 165.719 eurotakoak izango dira.
Bistan da izugarrizko igoera izan duela Garapen Agentziara bideratutako aurrekontuak, %64koa, sekula ez du izan halako aurrekonturik, eta proiektu berrietarako bideratu den diruak iazkoaren bikoitza gainditzen du. Debagoieneko Udalek ere, Mankomunitatearekin batera, esfortzu handia egin dute lehentasun honetarako ekarpenak areagotuz; lehen aipatu bezala, Udalek Mankomunitateari egiten dioten ekarpena %47 igo da aurten.
Ingurumenari dagokionez, zehaztapen txiki bat besterik ez; hondakin bilketa zerbitzuaren ordenantzarekin lotutakoa: Esan gabe doa zerbitzu publiko bakoitzak bere ordenantza propioak eduki behar izaten dituela bere funtzionamendua arautzeko. Eta hondakin bilketa zerbitzuak ere, noski, berea behar du modu ordenatu eta egokian funtzionatuko badu. Honen harira, uste dugu garrantzitsua dela argitzea Udalek onartzen dituztenak Ordenantza fiskalak direla, hau da, zerbitzuaren prestazioagatik ordaintzen diren tasak arautzen dituztenak. Aldiz, Mankomunitateari dagokio hondakin bilketa zerbitzuaren funtzionamendua arautzea, zerbitzu hau Mankomunitatearen eskumenekoa baita, garai batean Debagoieneko Mankomunitatea osatzen duten herriek zerbitzua berton delegatu zutenetik.
Mankomunitatearen helburua da ahalik eta birziklapen tasa altuenak lortzea eta ez bilketa sistema bat ezartzea, EAJ-PNVk bere prentsa oharrean iradokitzen duen moduan. Halaber, bada garaia agortuta dauden eztabaida antzuak gainditu eta gaia seriotasunez lantzeko; herrien arteko ezberdintasunak topatzen aritu beharrean, hondakinekiko jarrera arduratsu bat bultzatu beharko genuke, denok norabide berean jarrita".
Inazio Azkarragaurizar, Debagoienako Mankomunitateko lehendakaria