Autoen salmentek gorakada izan dute 2013. urtean, izan diren diru laguntzengatik

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko urt. 8a, 10:17

Autoen salmentek gorakada izan dute 2013. urtean. Diru publikoak sustatuta, autoen salmenta %7,3 igo da Hego Euskal Herrian 2013an eta 35.000 auto berri matrikulatu dira. Hala ere, krisiaren aurreko kopuruen erdira ere ez dira heldu zifrak Hego Euskal Herrian. Espainian ere gora egin du 2013an auto berrien merkatuak: %3,3, Anfac, Ganvam eta Faconauto patronalen arabera. Hala ere, zifra horiek engainagarriak izan daitezkeela adierazi digu Arrasateko Ford Mugarriko arduradunak.

"Espainia mailan igo egin da autoen salmenta 2013an baina aurreko urteko datuak oso-oso txarrak ziren eta oraingo datuak pixka bat artifizialak dira guztia Pive planarekin lotuta dagoelako. Datua engainagarria da, laguntzak kenduko balute, autoen industria izugarri jaitsiko litzatekeelako", azaldu digu Arrasateko Ford Mugarriko arduradun Rafa Etxabek.

Debagoienera etorrita, bailarako egoera 2013. urtean "aldakorra" izan dela adierazi digu Etxabek; Fagorren kontua eta loteria aipatu ditu, tartean, eta horiek eragina izan dutela azaldu digu.

Etxabek adierazi digu Euskal Herrian autoen salmenta gehien igo ziren urteak 1996tik 2000. urtera artekoak izan zirela, eta hemen, Espainiarekin alderatuz gero, izugarrizko gorakada izan zela urte horien artean. Baina krisia dela-eta hemen ere salmentak asko jaitsi dira azken urteetan.

Hala ere, auto berrien merkatuak badu bere garrantzia ekonomia osoarentzat, izan ere, herritarrek egiten dituzten gastu handienen artean, autoaren gastua bigarrena izan ohi da, etxebizitzaren atzetik.

Volkswagen izan da berriro ere Hego Euskal Herrian gehien saldu den autoa eta atzetik geratu dira Opel, Peugeot eta Citroen. Gehien saltzen diren hamar marken artean ohiko autogileak dauden arren, krisiaren ondorioz handitzen ari da marka merkeago batzuen salmenta, Dacia, Hyundai eta Kia, batez ere.

Esan moduan, Espainiako Gobernuak Pive plana jarri zuen indarrean; auto zaharra bota eta berria erostearen truke 1.000 euroko laguntza eman dute Pive planarekin, eta laguntza horrek salmenta igoeran eragin nabarmena izan du. Abenduaren amaieran bukatu zen, hain justu, plan horren laugarren aldia eta Jose Manuel Soria Industria ministroak aitortu zuen luzatzeko aukera zegoela. Ford Mugarriko arduradunak ere espero du laguntza hori luzatzea eta 2014. urtea aurrekoa baino hobea izatea autoen salmentari dagokionez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak