25 lagun batu dira Herrigintza Gaztea ekimenaren lehen saioan

Julen Iriondo 2012ko urt. 12a, 01:00

None
Bagara ekimeneko Herrigintza Gaztea lantaldea bi astean behin bilduko da ekaina bitartean, gazteen ardurakoak diren gaien gainean jarduteko. Gai horien gainean gehiago janztea da asmoa, eta behin jantzita sortu daiteke inguruan eragiteko aukera. Bailarako herri gehienetako 25 gazte inguru batu dira aurreneko saioan; ateak zabalik dituzte datozenetan gehiago hartzeko. Aurreko urteko lehen esperientzia positiboaren ostean, orduan baino herri gehiagotako ordezkaritzarekin ekin dio Bagararen Herrigintza Gaztea ekimenak bigarren denboraldiari. "Era askotako kezkak eta jakinminak ditugun gazteak gara batu garenak, euskararen ingurukoak, iraunkortasunari buruzkoak...", dio Ion Etxebarria koordinatzaileak. Hamabostean behin, eguaztenetan, eta aldiro herri desberdinetan egingo dituzten bileretan gai horien gainean jardungo dute, kanpotik etorritako jendearen azalpenak jasoaz. Gai horien gainean gehiago janzteaz gain, ikasturte amaieran barneratutako hori guztia egitasmoren batean islatzea ez dute baztertzen. Ekainera bitartean izango dira saioak, eta horrez gain asteburuko irteera batzuk ere egingo dituzte, Euskal Herriko beste txoko batzuetako arlo desberdinetako esperientziak ezagutzeko. Hurrengo saioa ere Eskoriatzako Ibarraundin egingo dute, hilaren 25ean. Ekimenera batu nahi duten gazteek badute aukera oraindik, aurrez izena emanda. gazteak@bagara.net helbidea edo 943 796848 zenbakia erabili daitezke izena emateko. Ekimena 18 eta 30 urte arteko gazteei dago zuzenduta, baina adin muga malgua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak