EH Bilduri botoa emateko deia egin zuten, eta "Inboluzioa" edo "itxaropena eta aurrerapena" hitzak erabili zituen Otaegik hauteskunde hauetako gobernuko bi bloke nagusiak konparatzeko: "Nik uste dut jakitun garela hauteskunde hauetan asko dagoela jokoan, eta bi aukera daudela: inboluzioa edo itxaropena eta aurrerapena. Zentzu horretan EH Bilduk oso argi du ekidistantziarako margenik ez dagoela eta EH Bildu indartsu batek berma dezakela, hain zuzen, itxaropenaren eta aurrerapenaren leiho hori zabalik mantentzea".
Artolak adierazi zuen Madrilgo kongresuan EH Bilduren talde garrantzitsu bat egotea berme bat dela "faxismoaren aurkako pareta" bat izateko: "Uste dut garrantzitsua dela aipatzea Madrilen eta beste edozein erakundetan azken urteetan erakusten gabiltzan estiloa zein den: Esatea egingo duguna eta egitea esaten dugun hori".
"Pozik", egindako lanarekin
Ekitaldi amaieran Otaegik esker oneko hitzak eskaini zizkien gipuzkoarrei hauteskunde kanpainan EH Bilduri emandako bultzadagatik: "Uste dut oso kanpaina ederra izan dela EH Bilduk egin duena, plazerra izan da plazaz-plaza ibiltzea, plaza guztiak beteta ikustea itxaropenari egin diren hitz-hartzeen bidez bide ematea, eta nik uste dut igandean dagokigula mobilizazio erraldoi bat egitea eta masiboki bozkatzea eta EH Bilduren alde bozkatzea, hain justu, eskubideetan eta askatasunetan sakontzen jarrai dezagun".
Hauteskunde kanpaina, amaitzear
Atzoko Bergarako ekitaldiarekin, EH Bilduk amaiera jarri zien hauteskunde kanpainaren bueltan Debagoienean egindako herriz-herriko ekitaldiei. Horrez gain, alderdiak jakinarazi du gaur goizaldean Bilbon gertatutako hilketa matxista salatzeko eta dolua adierazteko aurreikusita zituen kanpaina ekitaldi guztiak bertan behera uztzi dituela. Baita ere, Iruñeko Labrit pilotalekuan egitekoa zen kanpaina amaierako ekitaldia.