ALBISTEAK

'Harixa Debagoiena' aurkeztu dute, eskualdeko lan mundua euskalduntzeko

Oier Zumarraga Aranburu

70 enpresak eta eragilek sinatu dute hitzarmena, Bergarako Miguel Altuna Institutuan egindako aurkezpen ekitaldian. Bergaran 2023an abiatutako eredua eskualde osora zabaldu dute.

Debagoieneko lantokietan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko enpresen eta eragileen arteko sarea osatu dute Harixa Debagoiena egitasmoaren bidez. Bergaran azken hiru urteetan egindako lana oinarri hartuta, eskualde osora zabaldu dute proiektua, eta gaur, eguena, egin dute aurkezpen eta hitzarmena sinatzeko ekitaldia Bergarako Miguel Altuna Institutuan.

Enpresentzat laguntza

Enpresa bakoitzaren hizkuntza-egoera eta beharrak aztertzea izango da egitasmoaren lehen zereginetako bat. Lantoki guztiek ez dituzte abiapuntu eta baliabide berberak, eta bakoitzaren egoerara egokitutako aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiko dituzte. Horrez gain, prestakuntza saioak antolatuko dituzte enpresetako hizkuntza-kudeaketa hobetzeko.

Bergaran Harixaren barruan azken hiru urteetan egindako lanaren berri eman dute bi enpresatako ordezkariek aurkezpenean. Horien artean, Ainhoa Agirrebeña Tecnosystem enpresako ordezkariak lantokietako hizkuntza-ohiturak aldatzeko enpresek eurek duten erantzukizuna nabarmendu du.

Enpresen arteko harremanak

Egitasmoarekin bat egin duten enpresa berrietako ordezkariek ere azaldu dituzte euskararen erabilerari lotuta dituzten erronkak. Maider Otamendi Hotz Bero enpresako ordezkariak, esaterako, proiektuaren bidez osatutako sareak enpresen arteko eguneroko harremanak euskalduntzeko eskaintzen dituen aukerez jardun du. Hornitzaileekiko harremanetan euskararen erabilera handitzea da erronketako bat.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak