Esnatu gure hizkuntzak har dezan arnas izenburupean egin zuten hitzaldia, Jardun Euskara Elkarteak, Euskal Herrian Euskarazek, Udal Euskaltegiak eta Bergarako Udalak elkarlanean antolatuta. Ekimenaren helburua da euskarak gaur egun bizi duen egoeraz ohartaraztea eta udalerri euskaldunak indartzeko beharra azpimarratzea.
Hitzaldian, lehenik, Euskal Herriko eta Bergarako egoera soziolinguistikoaren argazkia egin zuten, azken urteetako bilakaera aztertuta. Ondoren, UEMAk landutako Lurralde Estrategiaren nondik norakoak azaldu zituzten, baita aurrera begirako erronkak eta proposamenak ere.
Aginagak azaldu zuenez: "Esnatu dinamika UEMAk joan den apirilean aurkeztutako ekimena da, euskararen lurralde estrategiaren barruan kokatzen dena. Izan ere, UEMAk azken urteetan ikusi du euskararen egoerak okerrera egin duela udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan. Horren aurrean, 2036ra begirako proiekzio soziolinguistikoa egin dute, eta ondorioetatik abiatuta sortu dute Lurralde Estrategia. Esnatu, hain zuzen ere, herritarren kontzientziazioari lotutako dinamika da".
Ezagutza ez ezik, gaitasuna eta erabilera ere bai
Bergararen egoeraz ere hitz egin zuen UEMAko teknikariak. "Bergara UEMAko kide izateko baldintzak betetzen dituen udalerria da, euskararen ezagutza-indizea %70etik gorakoa delako". Hala ere, Aginagaren arabera, ezagutza eta erabilera ez dira gauza bera, eta herri batetik bestera alde handiak egon daitezke. Horrez gain, gaitasunari ere erreparatu behar zaiola nabarmendu zuen: "Bergaran gaitasuna ez da nahi genukeen bezain ona, eta horrek eragina dauka erabileran".
Horrenbestez, herritarren eta eragileen "konpromisoa" eskatu zuen, euskararen erabilera indartzeko: "Orain arte ezagutzari eman zaio arreta berezia, baina gaitasunak ere berebiziko garrantzia du".
Arnasguneak babesteko beharra
UEMAk proposatutako Lurralde Estrategiaren barruan, arnasguneak eta udalerri euskaldunak lege bidez babesteko beharra ere nabarmendu zuen Aginagak. Haren esanetan, "euskararen arnasguneak zaindu egin behar dira, euskarak modu naturalean bizirik jarrai dezan. Birikak horiek dira, eta naturaltasunez hitz egiten da hor".
Erakundeek, alderdiek eta gainerako eragileek konpromisoak hartzearen "garrantzia" azpimarratu zuen. UEMA dagoeneko ari da hainbat erakunderekin lanketa egiten, bere ustez, "euskarari bultzada berri bat emateko eragile gehiagoren inplikazioa beharrezkoa da".