ALBISTEAK

Zientzia herritarren artean zabaltzen, umorea lagun

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Zientzia, umorea eta dibulgazioa elkartu ziren atzo arratsaldean Seminarixoko oholtza gainean, ZTB Jardunaldien baitan egindako bakarrizketa saioetan. Wolfram Txinpartak izenpean, zientzia herritarrengana hurbiltzeko tartea aurkitu zuten, umorearen bidez.  

Zientzialariak ohiko erregistrotik atera eta jendearengana iristeko saioak eskaini zituzten. Beren ikergaiak, egunerokotasuneko kontuekin nahastu eta dibertigarri bihurtzea izan zen erronka nagusia.  Hiru izan ziren guztira taula gainera igo ziren zientzialari debagoiendarrak. Bakoitzak bere proiektua aurkezteko aukera izan zuen. 

Uxue Lazkanok bergararrak, esaterako, azaldu zuen eboluzioaren ideia, biologo konputazionalek tumoreak aztertzeko, eta metastasiak nola sortzen diren ulertzeko nola erabiltzen duten. Eta Bergarako Ugutz Basauri geologoak, Debagoienean zientziak izan duen garrantzia gaineratu zuen, bailarako industria indarra, geologiari esker etorri zela azalduz.

Zientzia eta zientzialarien inguruko estereotipoekin hautsi eta herrira gerturatzeko aukera eman zuten sei bakarrizketek; zientzialariak eta ikergaiak askotarikoak izan daitezkeela erakutsiz.

Saioak emandakoarekin pozik agertu ziren antolatzaileak eta parte-hartzaileak, zientzia dibulgazio lanetan jarraitzeko gogotsu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak