1976ko azaroaren 4an sortu zuten UNED Bergara eta, 50 urte beranduago, ekitaldi instituzionala egin du gaur, eguaztena, urtemuga bereziaren baitan, Zurekin Gipuzkoan lemapean. "Pozteko, eskertzeko eta ospatzeko eguna da gaurkoa. Erakunde askotako ordezkariak etorri dira, baita herritarrak ere. Izan ere, duela 50 urte, hemen bertan, sortu genuen UNED Bergara", azaldu du Iñaki Esparza zuzendariak.
Juan Ignacio Perez Iglesiak Unibertsitate sailburuak adierazi du Jaurlaritzak UNED Bergarari laguntza ematen diola, besteak beste, euskarazko irakaskuntza sustatzeko, eta gaineratu du bi erakundeen arteko harremana oso ona dela. Era berean, dio, berebiziko garrantzia duela UNEDek egiten duen ekarpenak. "Aukera bat eskaintzen die unibertsitate ikasketak egin ez dituztenei eta, era berean, ikasketak egin dituztenei, horiek gaurkotzeko aukera. Lan hori oso inportantea da eta horregatik laguntzen diegu".
Aukerak eta erronkak aztergai
Ekitaldiari dagokionez, Iñaki Esparzaren hasierako aurkezpenaren eta Iñaki Gabilondoren berbaldiaren ostean, mahai-inguru bat egin dute hainbat erakundetako ordezkariek. Honako hauek izan dira mahai-inguruan Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Unibertsitate sailburua; Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako diputatua; Gorka Artola Bergarako alkatea; Ricardo Mairal UNEDeko errektorea; eta Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia. Juan Jose Alvarez UNED Bergarako Erakundeekiko Harremanetarako arduradunak dinamizatu du solasaldia.
Adimen artifizialaren eraginaz berbetan
Unibertsitate sailburuaren esanetan, teknologia berriek lan egiteko moduak baldintzatuko dituzte eta, bide horretan, erronka nagusia adimen artifizialarena izango dela dio. "Ikusten ari gara nolako eragina duen adimen artifizialak, baina oraindik ez dugu nabaritzen benetan nolako ahalmena edo boterea duen. Agian ez da joango orain arte izan dugun esperientziaren ildotik, baina sekulako eraldaketa ekarriko du".
Etorkizunera begira, sistema birpentsatu beharra azpimarratu du Esparzak, ikasleen profila asko aldatu baita azken urteetan eta gaur egun gazte zein heldu baitira ikasle unibertsitate horretan. Horrekin batera, presentzialtasunaren malgutasunari ere garrantzia eman dio, baita euskarazko irakaskuntzari ere. "UNEDen ez dugu ikasketa ofizialik euskaraz. Aukera dugun guztietan, hori eskatzen dugu eta hori ere erronka bat da".
Zuzenbideari buruzko hitzaldia
Mahai-inguruaren ostean, Carlota Ucin legelari eta ikertzaileak Zuzenbidearen amaiera. Zergatik legea betetzeak ez dituen enpresak babesten hitzaldia egin du. Esparzak gaineratu duenez, unibertsitateak enpresa sarearekiko harremana estutzen jarraitu nahi du, eta lan merkatuaren beharretara eta eskaeretara egokitutako prestakuntza eskaintzea ahalbidetuko duten aliantzak aztertzen.
Diplomak banatu dituzte
Gaur egun, 1.400 ikasle inguruk egiten dituzte ikasketak zentroan, 60 irakasle-tutore baino gehiagoren laguntzarekin. Era berean, aurten, 95 ikasle graduatu dira UNED Bergaran eta horietako hamabost bat goizeko ekitaldian izan dira, ohi moduan, diplomak banatu dizkietelako. Modu horretan, urtemuga berezira osasuntsu iritsi da erakundea, zuzendariaren esanetan, eta aipaturiko erronka horiei heltzeko indarrekin daudela azpimarratu du.