ALBISTEAK

Kalitatezko osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzeko mobilizatu dira Bergarako pentsiodunak

Koldo Zubia Salas

Kalitatezko osasun zerbitzu publikoa eskatzeko manifestazioa egin dute pentsiodunek Bergaran. Astelehenero egiten dute elkarretaratzea Bergarako pentsiodunek, baina oraingo honetan Lehen Mailako Arreta Zerbitzua zaintzea eta hobetzea aldarrikatu dute. Era berean, bihar pentsiodunek Gasteizen egingo duten topaketara gonbidatu dituzte bertaratutakoak. 

Irala kaletik hasita, osasun-etxeraino joan dira pentsiodunak, Irizar, Santa Marinako zubia eta Boni Laskurain pasealekua igarota. 50 pentsiodun baino gehiagok egin dute ibilbidea, eta, behin, anbulatoriora heldu direnean azaldu dute, "kezkaz" ikusten dutela "Bergarako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak udan izandako okertze progresiboa".  Izan ere, Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko kide Itziar Usandizagaren arabera, egun batzuetan, egon beharko luketen bederatzi mediku titularretatik, lau  aritu dira lanean: "Horren ondorioz, ia ezinezkoa zen telefonoz artatzea, hitzordu medikoak ematen zituzten egun horretako kupoa amaitu arte, ez zuten beste egun batzuetarako hitzordurik ematen. Beraz hitzordu bat nahi bazenuen pertsona batzuk goizeko 07:15ean ilaran jartzen hasten ziren, 08:00etarako ilara handiak osatuz". 

Usandizagak gehitu duenez pazientearen arreta "oso eskasa" izan da udan: "Pertsona horietako askoren adina eta osasun-egoera kontuan hartuta, anbulatorioko ateak zortziak arte ez irekitzeak esan nahi zuen ez zutela non eseri". Pentsiodunek, halaber, Osakidetzako profesionalen lana aldarrikatu dute, baina Eusko Jaurlaritzari eskatu diote langileen oporrak, "behar adina kontratazioen bidez" betetzeko. "Gaur, pandemian bezala, Osakidetzako profesionalak txalotzen ditugu, ez ordea hura kudeatzeko ardura dutenak", esanez amaitu dute. 

Bihar, topaketa Gasteizen

Bihar, azaroak 3, bestalde, Euskal Herriko 800 pentsiodun baino gehiago elkartuko Gasteizen, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako topaketan. Hasi ginen, hazia gara lelopean, 2018ko urtarriletik astelehenero egindako mobilizazioen balantzea egingo dute, eta pentsio publiko duinen eta eskubide sozialen aldeko hurrengo aldarrikapen eta mobilizazioen berri emango dute. Gainera, azaroaren 11ko greba orokorrari babesa adieraziko diote. Horrez gain, kalera irteten hasi zirenetik lortutakoa balioa emateko ere balioko du topaketak. Izan ere, mobilizazioen harira, pentsioak "hobetu direla" dio Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko kide Jose Luis Loidik; baina pentsio minimoa soldata minimoarekin parekatzeko aldarrikapen nagusia oraindik ez dute lortu. "Borondate politikoa behar da; hemen dirua badago, eta, eskatzen duguna da, hobeto banatzea", adierazi du Loidik.

Hori lortu arte, Bergarako Pentsiodunek astelehenero elkartzen jarraituko dute. Datorren astelehenean ere kalitatezko osasun zerbitzu publikoa aldeko manifestazioa egingo dute, ordu berean, eta ibilbide bera eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak