ALBISTEAK

UEMAren 'Esnatu' mozioa onartu du Bergarako udalbatzak aho batez

Idoia Aranbarri Arzuaga

Atzo, hileko azken astelehena, egin zuen Bergarako udalbatzak urriko ohiko osoko bilkura. Besteak beste, UEMAren Esnatu mozioa eta Aldundiarekin etxez etxeko zerbitzua finantzatzeko hitzarmena luzatzea onartu zituzten aho batez. Halaber, Olaso Dorrea Fundazioak Telesforo Monzon eta Jose Antonio Agirre ardatz dituen eskultura emango dio dohaintzan Udalari. 

UEMAren Esnatu mozioa onartu du udalbatzak aho batez, EH Bilduren eta EAJren botoekin –alderdi sozialista ez zen bilkuran izan–. Mozioak dio udalerririk euskaldunenetan adierazle soziolinguistiko nagusiek atzeraka egin dutela, eta urteek aurrera egin ahala, egoera kezkagarria dela.

Horregatik, udalbatzak, bost konpromiso hartu ditu: erabilera planean onartutako irizpideak betetzea; kontratazio publikoan hizkuntza baldintzak txertatu eta haien jarraipena egitea; lan munduan euskararen erabilera sustatzen jarraitzea, enpresekin eta lan arloko eragileekin elkarlanean; haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea eta etorriberriak euskarara gerturatzeko egitasmoak bideratzea.

EH Bilduren bozeramaile Maite Usabiagak zioen atzerakada geratze aldera, Bergara bezalako herriei konpromiso batzuk hartzea eskatzen zaiela, eta horiek hartzeko prest daudela. EAJko bozeramaile Kepa Sebalen esanetan, Udalak baditu baliabideak eta euskara bultzatu behar dute udaletxe barruan nahiz kaleko erabileran.

Etxez etxeko zerbitzua

Bestalde, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bergarako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena luzatzea onartu zuten. Aldiro berritu behar duten hitzarmena izaten da. Udal gobernuak nabarmendu zuen zerbitzuak publikoa izan behar  duela, baina bi instituzioen artean oreka egotea eskatu du: "Egiten dugun irakurketa da administrazio bakoitzak egiten duen esfortzua desorekatua dela, eta Aldundiak hasiera batean, finantzazio kopuru bat edo oreka bat mantentzen bazuen, gaur egun oreka hori galduta dagoela. Udalak egin behar duen esfortzua benetan handia da zerbitzuaren kalitatea mantentzeko. Horregatik, pentsatzen dugu oreka hori negoziatu behar dela, aztertu eta azterketarako bide hori zabaltzea eskatzen dugu".

Sebalen esanetan, etxez etxeko zerbitzua eta gizarte zerbitzuak Aldundiak eta Udalak partekatzen dituzten eskuduntzak dira, eta uste du lankidetza egon behar duela. Alabaina EH Bilduri galdetu dio ea ze aurrerapauso eman dituen etxez etxeko laguntza edota eguneko zentroa bezalako zerbitzuak publifikatzeko bidean.

Eskultura, dohaintzan

Olaso Dorrea Fundazioak Telesforo Monzon eta Jose Antonio Agirre ardatz dituen eskultura emango dio dohaintzan Udalari. Kepa Akixo Zigor eskultore aretxabaletarrak egingo du brontzezko eskultura. Obrak Agirre eta Monzonen arteko harremana du abiapuntu, gaztetatik ezagutzen baitziren eta gainera, elkarren ondoan egin zutelako euren ibilbide politikoaren zati bat. Eskultura Telesforo Monzon plazan jartzea dago aurreikusita, eta inaugurazio ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren egitarauaren baitan egingo dute.

Kepa Akixo Zigor, Olaso Dorrea Fundazioarendako prototipoarekin. (Argazkia: Olaso Dorrea Fundazioa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak