ALBISTEAK

Itasuarekin duen kontratua eteteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Koldo Zubia Salas

IAT Itasuako langileek 104 egun bete dituzte gaur greba mugagabean. Uztailetik ez dute ibilgailu motordunen gaineko inspekziorik egin. Bergarako bulegoko instalazioak itxita daude, eta langileen eta enpresaren arteko negoziazioak, geldi.

Hori dela eta, ELA eta LAB sindikatuek Donostian egindako prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzari eskatu diote kontratua "lan-baldintzak errespetatuko dituen" beste enpresa bati esleitzeko. Hori gutxi ez, eta Zarauzko IAT azterketa-estazioetako grebalarien ordez aritzeko kontratatutako pertsonaren prestakuntzari buruzko "ikerketa formala" ere eskatu dute, kontratazioaren atzean "irregulartasun larriak" egon daitezkeela uste baitute. 

Egoera horren harira, Bergarako Udalean mozio bat aurkeztu dute sindikatuek azken hilabetean. "Egoeraren berri eman eta alderdi politikoei babesa eskatzeko baliatu genuen hura. Udal moduan, euren esku dagoena egiteko eskatu genien, enpresarekin harremanetan jarri eta eurek ere presioa egiteko", azaldu du LABeko ordezkari Ana Sebalek. Gaineratu duenez, Mikel Jauregi Industria sailburuaren agerraldi-eskaera erregistratu du LABek Legebiltzarrean.

Egoera "gogorra" 

Greba mugagabea hasi zutenetik 104 egun bete dira, eta lan-hitzarmenaren negoziaketak "geldi" jarraitzen duela salatu dute IAT Itasuako langileek. "Azkenengo bilera Donostiako Lan Delegazioan egin genuen; bilera azkarra eta txarra izan zen hura. Buruzagiak [Unai Larrauri] ez du negoziatzeko asmorik. Hor gabiltza, negoziatu nahian, baina, hark negoziatu nahi ez badu, ez dago zer eginik", azaldu du IATko inspektore eta ELAko ordezkari Eneko Castañok. LABetik, Rober Gomez da inspektoreen artean urte gehien daramatzana Bergaran lanean; 30 denera. Orain arte halako egoera kaskarrik bizi izan ez duela aitortu du: "Nik hiru jabe aldaketa bizi izan ditut eta hau gogorrena izan da; 105 egun igaro dira, eta ez dugu ezer lortu. Azken bileran gatazka handi bat zela onartu zuen, baina akordiorik ez dugu lortu". 

Hainbeste egunen ostean greban jarraitzea "gogorra" dela diote bi langileek, baina horretan jarraituko dute. "Langile guztiok elkartuta gaude eta greban jarraituko dugu konponbide bat eman arte", dio Castañok. "Astero egiten ditugu asanbladak, eta jendea bukaerara arte egoteko prest dago; akordio bat lortzeko gogoz", gaineratu du Gomezek. 

Lan-baldintzak "parekatzea"

Gipuzkoako beste IATetako enpresetako lan-baldintzekin parekatzea da langileen eskakizuna. "Gipuzkoako beste IATekin alderatuz, 130 lanordu gehiago ditugu. Gure eskaera 70 ordu murriztea da; erdibideko soluzio bat. Bestalde, lan bera egiteagatik 2.000 eta 7.000 euro arteko soldata txikiagoa dugu; soldata KPI gehi %3 izatea eskatzen dugu", azaldu du Castañok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak